Merkatari eta ostalarientzat Euskara Eskoletan izena emateko epea irekita dago

Aurten, oinarrizko ikastaroa eta mintzapraktika eskainiko dira

Merkatari eta ostalarientzako euskara eskola bereziak antolatu ditu aurten ere Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak. Azaroaren 30era arte bitarte izena emateko epea irekita dago. Aurten, gainera, badira berrikuntzak. Batetik, bi eskaintza desberdin egin ditugu: ohikoa den moduan oinarrizko ikastaroa eskaini dugu, baina horretaz gain, dagoeneko hizkuntza ezagutzen dutenei bideratutako mintzapraktika ikastaroa ere eskainiko dugu.

Beste berrikuntza, tokiari buruzkoa da. Eskolak Mamut eraikinean jasoko dituzte merkatariek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren gela batean. Izan ere, 2015ean, merkataritza eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoaren baitan, gune jakin bat lanatzeko ahalegina egiten ari da Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunea. Mamut merkataritza-guneko galeriak dira gune hori. Doako zerbitzua lehenengo eskutik erakusteaz gain, euskararen presentzia areagotzeko eman daitezkeen pausoak aztertzen dira establezimendu bakoitzeko merkatariekin. Bisita horietan ikusi dugu, inguru horretan badirela euskara ikastaroetan parte hartzeko interesa dutenak, eta ahalik eta erraztasun handienak emate aldera, eskolak jasotzeko lekua bertan jartzea pentsatu dugu.

Hala eta guztiz ere, euskara eskoletarako eskaintza Oiartzungo merkatari eta ostalari guztientzat da, eta nahi duen orok eman dezake izena. Bi eskaintzen xehetasunak hauek dira:

- Oinarrizko ikastaroa: 60 orduko ikastaroa, merkatari/ostalariak bezeroekin oinarrizko elkarrizketa izatea du helburu.

- Mintzapraktika ikastaroa: 60 orduko ikastaroa, euskaraz jakin arren erabiltzen ez dutenak hitz egitera animatu daitezen.

Ikastaro bakoitzak 100 euroko kostua du, baina Udalak hasieratik ordaintzen du %50a, eta baldintza batzuk betez gero %70era arte finantzatzen du. Izena ematen dutenen artean erabakiko dira eskola egunak eta orduak. Mailaketa proba egingo da beharrezkoa izanez gero, maila zehazteko. Klaseak, Intxixu AEK euskaltegiko irakasleek emango dituzte Udalak finantzatuta. Udalak bere gain hartzen du talde hauen finantzazioa. Euskararen normalizazioan estrategikoak diren sektoreetan eragin nahi du horrela, merkataritzan eta ostalaritzan.

Oiartzungo merkatari eta ostalariei gutuna bidali diegu ikastaroei buruzko informazioarekin, baina baten batek jaso ez badu eta interesatua badago, Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunearekin kontaktuan jartzeko eskatzen diogu. Ondoko bideak erabil ditzake: 

- eposta: merkatariostalari@tturttur.eus

- telefonoa: 943 26 01 82

- Bulegoa: Fermiñene. Aialade 2, 1. solairua

Merkatari eta ostalariak animatu nahi ditugu ikastaroetan parte hartzeko, euskararen erabilerak euren establezimenduari kalitatea emango baitio.