Txondorra piztuko da Arditurrin

Azaroaren 21etik abenduaren 19ra, Arditurrin

Laugarren urtez txondorra piztuko da Arditurrin, Aiako Harria Parkeko basoetan hain garrantzitsua izan den ikazkinen lana ezagutzera emateko helburuarekin. Oiartzungo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Parketxe Sarea dira ekimen honen antolatzaileak. 

Festa giroan piztuko da txondorra hilaren 21ean

Txondorra azaroaren 21ean piztuko da, jai giroan piztu ere. Gerturatzen direnek garai bateko ikazkinen lana nolakoa zen ikusi ahal izango dute. Egun berezi honetarako egitarau zabala prestatu da. Arratsaldeko 17:00etan piztuko da txondorra tobera-joleen doinuekin lagunduta, baina aurretik (16:00etan) kalejira, haurrentzako talo tailerra, musika eta bideo-emanaldiak egongo dira.

Bisita gidatuak izango dira asteartetik igandera

Txondorra piztu ondoren, hilaren 21etik abenduaren 19ra bitartean, hura ikusteko bisitak egiteko aukera izango da, norbere kabuz edo gidatuta (aurrez erreserba eginda). Txondorrari buruzko bideo emanaldiak eta argazki erakusketa ere egongo dira ikusgai tarte horretan.

Bisiten ordutegia asteartetik igandera 10:00etatik 14:00etara izango da; larunbatetan 16:00etatik 18:00etara ere ikusgai egongo da. Bisita gidaturako ordua aldez aurretik hartu behar da Arditurriko Parketxera (943 49 05 69) edo Turismo Bulegora (943 49 45 21) deituta.

Abenduaren 19an, egur ikatza aterako da. Arditurriko aparkalekutik kalejira abiatuko da, txondorra dagoen guneraino festa giroan hurbiltzeko. Ateratzen den ikatza Olentzeroren Laguntzaileek Oiartzungo plazara igoko dute abenduaren 24an, Olentzeroren ongietorrian.

Ikazkintza oso garrantzitsua izan da gure basoetan duela hamarkada gutxi arte. Egur ikatzaren ezaugarri nagusia duen berotzeko ahalmena izanik, historian zehar oso erabilia izan da burdinaren langintzan eta baita etxeetan ere. Gaur egun lanbide hau galdu den arren, haren aztarnak aurki ditzakegu Aiako Harriko basoetan barrena. Basoek ikazkinen eta herritarren beharrak asebetetzen zituzten; txondorra eraikitzeko beharrezko egurra han biltzen zuten eta lan horrek aztarna ugari utzi dizkigu. Aiako Harriko basoetan antzinatik abeltzantza eta basogintza bateragarri egiten zituen zuhaitzak lepatzearen teknika erabili da, adarrak altuera jakin batean moztuta, egur ekoizpen handiagoa lortzen baitzen. Gaur egun zuhaitzik lepatzen ez bada ere, zuhaizti lepatu ugari geratzen da gure inguruan. Gizakiaren eta naturaren arteko harremanaren emaitza diren kultur paisaia interesgarriak utzi dizkigute. Maiatzaren 31n labore honen erakustaldi bat egin zen Oielekun eta bertatik lortutako egurra Arditurriko txondorra egiteko erabiliko da.

Informazio gehiago: 

Arditurriko Parketxea: 943 49 45 21/943 49 50 69

arditurri@gipuzkoamendizmendi.net

www.gipuzkoamendizmendi.net

www.parketxesarea.org

EGITARAUA:

Azaroak 21, larunbata: TXONDORRA PIZTEAREN FESTA

16:00: Kalejira Arditurriko aparkalekutik Arditurriraino Abaraxka eta trikitilariekin.

16:30-17:00: Talo tailerra haurrentzat (Abaraxka)

16:00-17:00: Txondorraren bideo emanaldia.

17:00: Tobera, bertsoak eta txondorrare piztuera.

Abenduak 19, larunbata: OLENTZEROREN LAGUNTZAILEEK IKATZA ATERAKO DUTE

17:30: Kalejira Arditurriko aparkalekutik abiatuta.

17:30-18:00: Txondorraren bideo emanaldia.

18:00: Olentzeroren Laguntzaileak jaitsiko dira menditik eta ikatza aterako dute.

Azaroaren 21etik abenduaren 19ra:

- Txondorra piztuta. Ikus-entzunezkoak. "Txondorra egunez egun" argazki erakusketa.

- Bisita gidatuek taldeekin (ordua aldez aurretik erreserbatuta).

- Txondorraren bideo-emanaldiak.