Legea ez duela betetzen eta Oiartzungo herri eredua kolokan jartzen duela uste du
Oiartzungo Udalak alegazioak aurkeztu dizkio Donostialdeko Lurralde Zatikako Planaren azken proposamenari (LZP euskarazko laburdura; PTP gazteleraz). 1997an LZPren prozesua hasi zenetik, Oiartzungo Udalak alegazioak jartzeko aukera izan duen guztietan jarri ditu, orain arte egin dituen proposamenetan Eusko Jaurlaritzak ez dituelako gure herriaren interesak kontuan hartu.
Ingurumen eta Lurralde Politika sailak hasierako onarpena eman dio LZPren azken dokumentuari. 1997an hasi zen LZPren ibilbidea, eta ia 20 urte hauetan etenaldiak izan ditu. 2003an aurkeztu zuten bigarren dokumentua eta, sei urteko geldialdiaren ondoren, 2010ean eman zion hasierako onarpena. 20.000 alegazio baino gehiago jaso zituen dokumentu honek (tartean, Oiartzungo Udalarenak ere bai) eta krisiaren eraginez, lau urtez jarraipenik gabe egon zen.
2010eko dokumentuak Pasaiako kanpo kaia eta bigarren saihesbidearen jarraipena (Karrika zeharkatuko zukeena) jasotzen zituen, besteak beste. Azken dokumentuan (aurten onartua) Oiartzungo Udalak egindako zenbait alegazio onartu badituzte ere, oraindik filosofian eta proposamenetan hutsuneak daudelako eta erantzun gabeko alegazioak badaudelako erabaki du Udalak berriz alegazioak jartzea, gure herriaren etorkizuna babesteko.
Kontraesanak LZPren filosofian
LZPren proposamen berrian, Eusko Jaurlaritzak aurrekoetan proposatutako hazkuntza ereduaren bide beretik jarraitzen du.
Kontraesanez betetako dokumentua da aurkeztu dutena: lur berrien okupazioa ekidin behar dela dio, baina proposamen zehatzak ehunka hektarea okupatuz planteatzen dira; ingurunearen berezko funtzioa nekazaritza eta lehenengo sektoreko erabilera direla dio, baina izugarrizko afekzioa proposatzen du lur mota horietan; eta herri ereduak errespetatzen dituela dio, baina Oiartzungo kasuan, hirigintzako garapena izan dezaketen lurrak herriko Hirigintzako Plan Orokorrean (HAPO) markatzen direnak baino hiru bider gehiago dira (316 hektarea HAPOn, 1.000 LZPn).
Ingurumen eta hirigintza arloetan, hutsuneak
Udalak dokumentua aztertu ondoren, legearen aldetik hutsuneak dituela ikusi du. Adibidez, Ingurumenarekiko Eraginen Ebaluaketako legedia ez du betetzen. Jaurlaritzak ez du aplikatu arautegi berria, azken dokumentua 2010eko planaren segida balitz bezala jokatuz. Hori egitea iruzurra dela uste du Oiartzungo Udalak, 2015ean berriz errepikatu denez hasierako onarpena lege berria errespetatu behar bailuke.
Dokumentuak duen Ingurumen Ebaluaketa ere kalitate eskasekoa da eta ez du betetzen legez ezarritako eduki eta baldintzarik. Horregatik, ebaluaketa berriz egiteko eskatu du Udalak.
Hirigintzari dagokionez, berriz, Oiartzungo Udalak uste du lur gehiegi erreserbatzen dituela dokumentuan garapen urbanistikorako. 2010eko dokumentuan lurralde erreserbek Udal gehienen kontrako alegazioak izan zituztenez, Jaurlaritzak kontzeptu berri bat asmatu du (hiri inguruko landa), praktikan aurreko erreserbak mantentzeko. Oiartzunen, 270 hektarea izendatu dituzte gisa honetara.
Hirigintza eta Hiri Inguruko Landa gisa 1.000 hektarea izendatu dituzte Oiartzunen. Kopuru ikaragarria da: Oiartzungo herri eredua zalantzan jartzen du eta HAPOn garapen urbanistikorako erreserbatatuko eremuak hirukoizten ditu, Udalaren eskumenaz urratuz. Bereziki Ergoien, Gurutze eta Karrikan, HAPOarekiko hirigintza lurren diferentzia izugarria da: Gurutzen 3,5 hektarea HAPOn, 29 LZPn; Karrikan, 3 hektarea HAPOn, 10 LZPn; Ergoienen, 8 hektarea HAPOn, 15 LZPn.
Gaintxurizketako plataforma logistikoa bertan behera uzteko eskaera
Lezo-Gaintxurizketa polo logistikoa mantendu du Jaurlaritzak azkeneko planean. Udalak egitasmo hau bertan behera uzteko eskatu du alegazioan, ez duelako zentzurik ez ingurumenaren aldetik, ezta ekonomiaren aldetik.
Batetik paisaia, landalurra eta biodibertsitatean eragin kritikoa izango luke. Oiartzungo HAPOk eremu horretako 11 hektarea babestu izendatuak ditu eta beste 9, nekazaritzarako estrategiko, Eusko Jaurlaritzaren plangintza sektoriala betez. Babes horiek administrazio guztientzako lotesleak dira, eta beste behin ere, LZPk udal eskumenak urratuko lituzke aintzat hartzen ez baditu.
Teorian; Gaintxurizketako polo logistikoa Pasaiako portuaren beharrak eta Irungo trenbidearen azpiegiturak tokialdatzeko egingo litzateke. Portuak berak egindako azterketetan, portu barruko irtenbidean aldarrikatzen dituzte. Gaintxurizketa ez da toki egokia Pasaiako merkantzia mugitzeko, besteak bsete, kostuak garestituko lituzkeelako kokapenak. Honez gain, portuko bolumenaren %10a baino ez da trenez mugitzen. Horregatik, trena Irundik Gaintxurizketara mugitzeak ere ez du zentzurik.
Gainera, lekuaren baldintza geografikoek teknikoki bideraezin bihurtzen dute trenbidearen plataforma eraikitzea. Hori gutxi balitz, aurreikusi dituzten trenek ez dute loturarik ez Espainia ez Frantzia aldera, orain dauden errail eta trenengandik ezberdinak direlako.
Beste ekonomia sektoreetan eta herritarren bizi-kalitatean eragin kaltegarriak izango lituzke Gaintxurizketako polo logistikoak. Oiartzunen logistika sektorera bideratutako guneak baditugu, eta etekin ekonomiko txikia eta lanpostu gutxi sortzen dituela egiaztatu dugu.
Egiten den proposamenak azpiegitura berriak eskatu ditzake etorkizunean. Tartean, planaren egungo bertsioan baztertu den bigarren saihesbidea, Karrika zeharkatuko lukeena.
Planeamendu Aholku Kontseiluan gaia aztertu da
Udalak alegazio hauek guztiak joan den ostiralean (azaroak 13) aurkeztu zituen, epea hilaren 15ean bukatzen baitzen.
Aurretik, Planeamenduko Aholku Kontseilu berezi batean azalpenak eman zituzten Oiartzungo Udaleko politiko eta teknikariek, bertan parte hartzen duten herriko eragile eta norbanakoen informaziorako eskubidea bermatzeko.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika