Auzoetako batzarretan herritarrek izan duten jarrera aktiboa eta egin dituzten proposamen aberatsak eskertu ditu Udalak

Auzoetako aktak Udalaren webgunean daude eskura

2016ko aurrekontuak eta auzoetako eskariak egiteko auzo batzarrak egin ondoren, Udalak bileratan parte hartu duten herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkie, herrigintzan eta udalgintzan izan duten jarrera aktiboarengatik eta euren auzoen egoera hobetzeko egindako aportazio aberatsengatik.

Batzarretan parte hartu ez zuten herritarrek ere bertan hitz egindakoaren berri izateko aukera badutela gogorarazi nahi dugu. Izan ere, auzo batzar guztietako aktak eskura dituzte www.oiartzun.eus webgunean, Alkatetza atalean.

Kalitate ona izan dute bilerek

Guztira, 114 oiartzuarrek hartu dute parte bileretan (gizonezkoak %61,4; emakumezkoak %38,6). Auzoko bizilagun kopurua kontuan hartuta, parte-hartze altuena izan duen auzoa Karrika izan da eta ttikiena, Ergoien.

Kualitatiboki, bileren kalitatea ona izan da, Gobernu Taldearen iritziz. Bildutakoek proposamen asko eta interesgarriak egin dituzte. Salbuespen batzuk kenduta, gainera, auzoaren ikuspegi orokorra presente izan dute herritarrek proposamenak egin dituztenean.

30 urtez beheitiko herritar gutxi

Herritarren proposamenetako asko aurreko urteetan jasotakoak izan dira. Auzo bakoitzera bideratutako 20.000 euroak baino gehiago kostatzen duten proiektuak, hain zuzen ere. Horregatik, legegintzaldiko ikuspegiarekin lan egitea proposatu du Gobernu Taldeak, eta herritarrek begi onez ikusi dute.

Parte-hartzeari dagokionez, 30 urtez beheitiko gazteen kopurua oso txikia izan da. Udalaren gusturako, parte-hartzaileen profila ez da izan nahi bezain anitza.

Aurrerantzean, herritar horien iritziak eta proposamenak jasotzeko ahalegin berezia egin beharko da.

Herritarrek oso ongi baloratu dituzte batzarrak

Udalak ia bi hilabeteko prestaketa egin du auzo batzarretarako. Udal barruan egin den lana eta izandako emaitzen inguruan ere hausnartu du Gobernu Taldeak. Autokritika saioa izan da eta Udalaren jardunean ere fintzeko zenbait gauza identifikatu dira.

Hala ere, orokorrean oso sentsazio positiboa izan du Gobernu Taldeak 2015/2019 legegintzaldiko lehendabiziko auzo batzar errondan. Auzo guztietara lehenengo aldiz jaitsi da Gobernu Talde berria, eta zinegotziak aurkezteko ere baliatu da aukera.

Udalaren sentsazio ona bileretan parte hartu duten herritarrek betetako balorazio orriek ere babesten dute. Izan ere, herritarrek oso balorazio ona egin dute. 8ko puntuazioa eman diote (10etik) auzotarrek saioen antolaketa, eduki eta dinamizazioari.

Aurrea begira, jasotako ekapenen jarraipena egiteko eta herritarrak horien gainean informatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du Oiartzungo Udalak.

Datozen lau urteetan auzo bakoitzean gauzatuko diren egitasmo nagusiak:

ALTZIBAR: Auzoko lokalaren erabilera zehaztu eta prestatzea.Zinegotzi arduraduna: Eneritz Arbelaitz (eneritz@oiartzun.org).

ARRAGUA: Lartzabal etxadiaren ondoa eta Ganboxa kalea txukuntzea. Zinegotzi arduraduna: Juan Inazio Ansa (jiansa@oiartzun.org).

ELIZALDE: Parkeak biziberritu eta berrantolatzea; gune arrikutsuetan konponketak; eta Elorrondo kalea konpontzea.Zinegotzi arduraduna: Iñaki Pikabea (inaki@oiartzun.org).

ERGOIEN: Bidegorritik Arbelaitz bidera doan herribidea berreskuratzea. Zinegotzi arduraduna: Domi Azpiroz (domi@oiartzun.org).

GURUTZE: Auzogunea berrantolatzea eta auzolana Bizardia inguruan. Zinegotzi arduraduna: Josune Cousillas (josune@oiartzun.org).

ITURRIOTZ: Beheko Soroa eta Dorretxe ingurua biziberritzea.Zinegotzi arduraduna: Agurtzane Lekuona (agurtzane@oiartzun.org).

KARRIKA: Karrika kaleko hoditeria berritzea eta Arraskuko herribidea konpontzea, auzoari larrialde irteera emateko. Zinegotzi arduraduna: Enekoitz Markos (enekoitz@oiartzun.org).

UGALDETXO: Errepideko arazoei irtenbidea emateko azterketa egin eta neurriak hartzea; Txipitoko malda konpontzea. Zinegotzi arduraduna: Ioritz Aizpuru (ioritz@oiartzun.org).

 

Gehigarriak

Auzoetako batzarretan herritarrek izan duten jarrera aktiboa eta egin dituzten proposamen aberatsak eskertu ditu Udalak