Eskola Kirolako 23 talde osatu dira aurten Oiartzunen

8-12 adin tarteko ikasleen aktibitate nagusiak Eskola Kirola izaten jarraitzen du 

Oarsoaldeko lau Udalek 18 bat urte daramatzate Eskola Kirolaren kalitatea hobetzeko lanean. Kirol eta euskara teknikarien lan-mahai batek gidatzen du lan hau, eskola kiroleko koordinatzaileen bitartez eta beraien lanari esker, entrenatzaileen prestakuntza eta euskararen ezagutza eta erabilera bermatzen da.

Julen Mendozak (Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakaria), Jon Txaskok (Errenteriako kirol zinegotzia), Enekoitz Markosek (Oiartzungo Kirol zinegotzia) eta Irlentz Ortegak (Lezoko kirol zingotzia) ikasturte honi dagokion eskualde mailako datu esanguratsuenak ezagutzera eman dituzte. 

Oarsoaldeko ikastetxeetan matrikulatuta dauden 8-12 adin tarteko ikasleak 2.751 dira guztira eta horietatik 1.403 dabiltza Eskola Kirolean, hau da, erdia baino gehiago (%51). Horrek erakusten du datu hauen benetako neurria eta garrantzia.

Ikasturte honetan 135 talde osatu dira eta 84 entrenatzaile arduratzen dira talde horien saioak gidatzeaz (16 emakumezko eta 68 gizonezko). Udalerri bakoitzean sortu diren talde kopuruak honakiak dira: 23 Oiartzunen; 77 Errenterian; 25 Pasaian eta 10 Lezon.

Bestalde, azpimarratu beharra dago nesken parte-hartzea gorantz doala urtez urte, poliki bada ere. Nesken %32,16ak hartzen du parte Eskola Kirolean eta mutilen %67,45ak.

Eskola Kirolaren filosofia nagusia kirol aniztasuna da. 8-12 adin tartean, kirol bat baino gehiago ezagutu eta lantzeko eskaintza onuragarria da neska-mutilentzat. Hainbat kirol ezagutu eta gustukoenak hautatzeko aukera izan behar dute haurrek.

Bestalde, neska eta mutilen arteko berdintasuna bultzatzen ari dira Oarsoaldeko Euskara Batzordetik, nesken praktika fisikoa sustatuz eta kirol munduan beren lekua aldarrikatuz.

Kirol hezitzailea lortzeko bidean sakontzeko asmoak dituzte; elkarrekiko errespetua, elkartasuna eta kirol legez jokatzen ikastea ezinbesteko balioak dira kirolean. Horren harira, jokaera eredugarria erakusten joka dezagun gutzion, bai kantxatan eta bai harmailatan, dei egin da.

Honi guztiari partidatara joateko auto partikularra alde batera uzteko eta bestelako garraio modu batzuk erabiltzeko egiten ari den ahaleginak batu behar dizkiogu.

Beraz, Oarsoaldean garatzen ari den Eskola Kirolarren eredua eta egitasmoa oso garrantzitsua da euskararen normalizaziorako eta pertsona gisa hazteko.

Gaur egun Eskola Kirola jarduera %100 euskaraz egiten da, urteotan guztiotan egin den lanari esker; entrenatzaileen kirol prestakuntza eta euskararen ezagutza era erabilera ahalbidetzen baitira.

Gehigarriak

Eskola Kirolako 23 talde osatu dira aurten Oiartzunen