Euskara Planen topaketa

Oarsoaldea Garapen Agentziak ta herriko beste enpresa batzuek parte hartu dute 

OLA sistemaren bidez euskara plana indarrean duten eskualdeko enpresek topaketa egin zuten azaroaren 19an Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktorian. Aurten Oarsoaldea Garapen Agentziari egokitu zaio euskara normalizatzeko etxe barruan egin dituen lanen berri ematea. Agentziako euskara lantaldeko kideek eman zuten beren esperientziaren berri (tartean, Oiartzungo ordezkariek).

Ohi bezala, topaketan izan ziren euskara planak dituzten eskualdeko gainerako enpresen ordezkariak, udal teknikariak, Emun aholkularitza enpresako teknikariak eta euskalgintzako hainbat kide. Ibilbide horretan izaniko zailtasunak aipatu zituzten eta horiei nola egin dieten aurre, praktika onak eta orain indarrean duten plana zertan datzan ere azaldu zuten. 

Aurkezpenaren ondotik solasaldi irekia egin zen eta segidan Jon Maia bertsolari eta idazleak bere esperientzia pertsonalaren bidez, euskaldunon eta erdaldunen arteko bizikidetzaren eta begirunearen aldeko aldarria egin zuen hitzaldi labur batean.

Albaola Itsas Kultur Faktoriari bisita egin eta otordutxo batekin eman zitzaion bukaera 2015eko topaketari. 

Urte mordoska da euskara plana duten eskualdeko enpresek urtean behin topaketa egiten dutela, 2011tik hona ordea, topaketa antolatzeko ardura enpresa batek hartzen du txandaka. 

Gustura geratu ziren bai Oarsoaldea Garapen Agentziako ordezkariak, bai bisitan joandako enpresetakoak ere.

Gehigarriak

Euskara Planen topaketa