Koxme Lizaso omenduko du Udalak, bertsoari leku eginez

Ekitaldiaren ondoren bertso-saioa izango da Arzallus, Peñagarikano, Martin eta Etxeberriarekin 

Koxme Lizaso bertsolaria zena omenduko du Oiartzungo Udalak abenduaren 12an, haren senide eta lagunez inguratua. Bestela ezin zitekeenez, bertsolari izan zena bertsotan agurtuko da.

Ander Lizarralde bertsolariak aurkeztuko du ekitaldia. Omenaldian parte hartuko dute Lizasoren senideek; Jexux Leonet alkateak eta Josune Cousillas Kultura zinegotziak; Txomin Garmendia, plazetan Lizasoren adiskide min izandakoak; eta Antton Kazabonek, Oiartzungo Bertso Eskolaren izenean.

Horrez gain, Lizasoren argazki zaharrak ikusteko eta, hark kantatuko bertso batzuk eta Exteban Martiarenak hari egindako elkarrizketa baten zatiak ere entzuteko aukera izango da (Elkarrizketa oso hemen).

Ondoren, kategoriazko bertso saioa izango da Amets Arzallus, Patxi Etxeberria, Jon Marin eta Anjel Mari Peñagarikanorekin. Lizarralde ariko da gai-jartzaile lanetan.

17:30ean hasiko da omenaldia, udaletxeko areto nagusian. Dohainik izango da sarrera, aretoa bete arte, leku mugatua duelako. Denera, ordu eta erdi pasatxoko saioa izango da.

Koxme Lizasoren biografia laburra

Koxme Lizaso Lekuona 1937ko urtarrilaren 16an jaio zen Ugaldetxoko Aldabene etxean. Urte batzutan Errenterian bizi ondoren, Iturriozko Oiartzabal Berri baserrira ezkondu zen. Zortzi seme-alaba izan zituen Konsuelo Aizpuruarekin.

50. hamarkadan hasi zen bertsotan, Jose Joakin Mitxelena eta Jose Luis LekuonaLexoti-rekin. 60. eta 70. hamarkadetako bertsolari ezagunenekin igo zen oholtzara, kantari edo gai-jartzaile: Uztapide; Manuel Lasarte; Lazkao Txiki; Xalbador; Imanol Lazkano; Jon Lopategi...

Baserritarra ofizioz, euskaltzale ezaguna zen eta Oiartzungo udaletxeko zinegotzi ere izan zen 1987-1991 legegintzaldian.

2013ko abuztuaren 9an hil zen. Bere hileta elizkizunek herriko eta kanpoko bertsolari ezagun andana bildu zuten Oiartzunen: Karlos Aizpurua; Arkaitz Goikoetxea; Imanol Lazkano; Anjel Mari Peñagarikano; Lazaro Azkune; Millan Telleria...

Gehigarriak

Koxme Lizaso omenduko du Udalak, bertsoari leku eginez