27 emakume oiartzuarren erasotzaileek urruntze-agindua dute

Aurten indarkeria matxistagatik 8 salaketaren berri izan du Udalak

Oiartzunen 27 emakume bizi dira euren erasotzaileengandik babesteko neurri judizialekin.

            Aurten 8 salaketa izan dira emakume oiartzuarrek pairatutako indarkeria matxista dela eta. Aurreko urteetatik datozen urruntze aginduei gehituz gero, gaur egun 27 emakumeren erasotzailek dute urruntze agindua. Datu hauek Oiartzungo Udalera heldu direnak dira, alegia, epaiketara heldu diren salaketak. Izan ere, epaiketara heltzen diren kasuak baino gehiago izaten dira eraso matxistak pairatzen dituzten emakumeak, salaketa ez jartzeagatik ezkutuan geratzen direnak.

            Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeek salaketa jartzea zeinen garrantzitsua den azpimarratu du Oiartzungo Udalak. Horrez gain, udaletxean bertan, udaltzaingora edo Gizarte-Ongizatera jo dezakete egoera honetan dauden emakumeek, zerbitzu horietan lagunduko baitituzte. Laguntza ekonomikoa, larrialdirako harrera zerbitzua, laguntza psikologikoa nahiz orientabide juridikoaren zerbitzua jaso dute emakume hauek.

            Emakumeen aurkako indarkeria edozein emakumek paira dezakeela adierazi nahi du Udalak. 2015ean laguntza eskatu dutenen erdia baino gehiago 40 urtez azpikoak dira. Batzuk seme-alabarik ez dutenak eta beste batzuk familia osatua dutenak, bikotearekin daudenak edo banandutakoak. Bestalde, laguntza jaso duten %82a bertakoak dira eta %18a atzerritarrak.

 

Protokoloa diseinatzen ari da Udala, eragileekin elkarlanean

Datuak argi erakusten dute Oiartzun ez dela isolatutako uhartea, gizarte heteropatriarkalean zabalduta dagoen lakra hau gurean ere badagoela.

            Hori dela eta, Oiartzungo Udalak aurrerantzean ere indarkeria matxista guztien kontrako politiketan jarrera aktiboa izango duela berretsi nahi du.

            Honen adibide da azken hilabeteetan Feminismo eta Gizarte-Ongizate arloetatik eraso matxisten biktima diren emakumeei laguntza emateko Protokoloa diseinatzen ari garela, herriko mugimendu feministarekin elkarlanean.

Gehigarriak

27 emakume oiartzuarren erasotzaileek urruntze-agindua dute