Kultura eta hezkuntza eragileentzako laguntzak onartu dira
Urteko lehenengo udalbatzarra izan zen atzo. Gobernu Taldea eta oposizioa ados jarri ziren gai guztietan.
Talde politiko eta zinegotziek jasotzen dituzten ordainsariak ordaintzeko modua aldatzea erabaki zen ahobatez. Jexux Leonet alkateak azaldu zuenez, "helburua egindako lanarengatik eta asistentziaren arabera kobratzea da". Honela, zinegotziek udalbatzarretara eta hilean gutxienez bi batzordetara agertzen badira kobratuko dute.
San Markos Mankomunitateko aurrekontuen egoera
Euskadiko Auzitegi Nagusiak Oiartzungo Udalari arrazoia eman eta San Markos Mankomunitatearen 2014ko aurrekontuak bertan behera uzten dituen sententziaren berri eman zen.
Eneritz Arbelaitz alkateorde eta San Markosen Oiartzungo ordezkari denak aste honetako batzarraren berri eman zuen: "2016ko aurrekontuen proposamena formula berdinia erabilita aurkeztu dute, eta jasotzen dugun zerbitzuen arabera. Ikusirik epaitegiek arrazoia eman digutela bi aldiz, estatutuak ongi aplikatzeko eskatu dugu. Hala ere, hasierako onarpena eman diote aurrekontuei. Horregatik, Oiartzungo ordezkariok kontra bokzatu genuen. Saiatuko gara ordaintzeko modua aldatzen oraindik, oiartzuarren interesak defendatzeko".
Rafael Bergaretxe EAJko zinegotziak 2015eko aurrekontuen berri galdetu zuen. Alkateak "errekurrituta, erantzunaren zain" daudela azaldu zuen.
Hezkuntza eta kulturako eragileentzako laguntzak onartu dira
Kultura eta hezkuntza arloko zenbait eragileentzako diru-laguntzak ere onartu ziren ahobatez: Haurtzaro Ikastola; Urmendi Haur Eskola; Soinuenea Fundazioa eta Luberri Ikasgune Geologikoa Fundazioari egin beharrekoak, hain zuzen ere.
Urtarrileko protokolo gastuen berri ere eman zen: 1.246 € jardunaldi, otordu, bidaia eta ikurretan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika