San Markoko Mankomunitateak onartutako aurrekontuek ez dituzte epaitegien sententziak betetzen

Oiartzun, Hernani eta Usurbilgo alkateak elkarrekin azalpenak eman dituzte

Gaur Oiartzun, Hernani eta Usurbilgo alkateok salatu nahi izan dugu San Markoko Mankomunitateak gure herritarrek hondakinak birziklatzeko ahalegin handia zigortzen duela.

Hau guk esaten dugu eta justiziak ere arrazoia eman digu. Izan ere, epaitegiek 2014ko aurrekontuen errekurtsoak onartu zituzten eta zerbitzuaren araberako ordainketa egitearen alde egin zuten. Horren ondorioz, hondakinak ondo kudeatzeak, birziklapenaren alde egiteak, onurak izan ditu urteotan: ingurumenarekiko onurak eta herritarren poltsikorako onurak.

Denis Itxasok, San Markoko Mankomunitateko lehendakari zenean, esan zuen epaitegiek erabakiko zutela nork zuen arrazoia. Epaitegiek erabaki dute, bada, eta arrazoia eman digute zerbitzuaren araberako ordainketaren alde egin genuenoi.

Hala eta guztiz ere, San Markoko egungo agintariek (EAJ-PSE), Mankomunitatean duten gehiengoa baliatuta, justiziari entzungor egin diote.

Jarrera arduragabe horrek Oiartzun, Hernani eta Usurbilgo herritarrak nabarmen kaltetzen ditu. Aurten, hiru herrio hauei dagokiena ez ezik, inguruko herrien gastua ere bere gain hartu beharko dutelako. 177.000 €ko gastuaz hitz egiten ari gara.

Nolanahi ere, epaia ez aplikatzeak San Marko Mankomunitateko herri guztiei kalte egiten die: batetik, birziklatzeko ahaleginik handiena egiten duten herritarrak kaltetzen ditu, baina, baita orain arte zegokien ordaindu ez duten herriak ere. Zenbat eta gehiago luzatu sententziaren aplikazioa, handiagoa izango delako denon artean ordaindu beharreko zorra. Eta horrek, zuzen-zuzenean, kaltetuko ditu bereziki Donostia, Errenteria eta Lasarte-Oriako herritarrak.

Beraz, egoera hau konpondu eta ahalik eta azkarren sententzia aplikatzen hasteko eskatu nahi dugu gaur, San Marko Mankomunitatea osatzen dugun herri guztiontzako onuragarria izango baita.

GHK-k gehin birziklatzen dutenak zigortu nahi ditu tarifa berriekin

Modu berean, salatu nahi dugu birziklatzeko ahaleginak egiten dituzten herritarrak saritu beharrean, GHK-k ere zigortu egiten dituela. Horren adibide garbia da onartutako tarifen igoera berria.

GHK-k Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera errauskailua eraikitzean itsutasuna oinarri, zorra estaltzeko tasak igo ditu, errefusaren tarifa ez ezik, organikoarena ere igoaz. GHK-ko estatutuek gaikako bilketa saritzen dutela diote; erabaki honek aldiz argi uzten du, gutxiago sortu eta gehien birziklatzen dituztenak zigortzen dituela.

Gure galdera argia da: zer dela eta zigortzen dituzue gutxien sortzen eta gehien birziklatzen duten herritarrak? Zergatik igo duzue organikoaren tarifa? Beste behin ere errauskailuaren dirdirak itsututa birziklatzearen, ingurugiroaren, osasunaren eta herritarren ongizatearen aurkako erabakia hartu dutenaren adierazgarri da GHK-ren tarifa igoera.

Gure lehentasuna, alkateak garen heinean, gure udalerrietako herritarren interesak defendatzea da. Gipuzkoako agintean daudenei ere dei egiten diegu gipuzkoarron interesak babesteko.

Gehigarriak

San Markoko Mankomunitateak onartutako aurrekontuek ez dituzte epaitegien sententziak betetzen