2 milioi euroko laguntza eskatu du Oiartzungo Udalak Europan bidegorria eta argiteria hobetzeko

Feder Funtsak erdia finantzatuko luke

Oiartzungo Udalak 2.100.000 €ko laguntza eskaera egin dio Europako Batasuneko Feder Funtsari. Udala herrian dauden beharrak asetuko dituzten proiektuak garatzeko beharrezko aukera guztiak baliatzeko prest dago.

Laguntza bi proiektu garatzeko eskatu da: batetik, bidegorri sarea hobetu eta loturak egiteko (Karrika eta Gurutzeko loturak egitea ahalbidetuko luke, adibidez). Bestetik, argiteriaren efizientzia energetikoa lortzeko.

Bidegorri sarerako izango litzateke laguntzaren kopuru handiena (1.600.000 €) eta argiterirako gainerakoa. Argiteriaren efizientzia hobetzeko plangintza 2014tik martxan du Udalak, baina laguntza jasoz gero herri guztiko sarea aldatzea azkartuko luke.

Udalak egitasmoen %15a hartuko luke bere gain

Aipatzekoa da Europako Batasuneko laguntza hauek lortzeko, eskualdeko lau herriak eta Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean aritu garela. Honela, eskualdea orokorrean hobetzeko proiektuak aurkeztu dira eta Aldundiak konpromiso ekonomiko batzuk hartu ditu, egindako lanari esker.

FEDER Funtsa eskualde mailako hobekuntzak egiteko laguntzak dira. Laguntzen dituen proiektuen finantzaketaren erdia EBk bere gain hartzen du. Gure kasuan, Aldundiarekin lortutako adostasunarengatik, erakunde honek bere gain hartuko luke beste %35a eta Oiartzungo Udalak falta den %15a jarriko luke (315.000 €, Oiartzunek aurkeztutako proiektuetarako).

Ekainean jakingo da laguntza jasoko dugun. Hala balitz, 2020 arteko epea izango genuke bi egitasmoak garatzeko. Bost urteko epean, bidegorri sare integrala eta ongi aprobetxatutako argiteria sistema izango genituzke.

Europako Batasunetik laguntza jasotzeak bi azpiegitura horiek epe laburrean hobetzea ahalbidetuko luke. Horregatik jo du Oiartzungo Udalak, baita ere, bide horretara.

Gehigarriak

2 milioi euroko laguntza eskatu du Oiartzungo Udalak Europan bidegorria eta argiteria hobetzeko