Aurkezpena datorren asteazkenean izango da
Emakumeentzako Oiartzungo puntu ilunei buruzko diagnostikoaren emaitzak aurkeztuko dira datorren asteazkenean (hilak 13), 19:00etan udaletxeko pleno aretoan. Gai honen inguruan eskualdeko arazo nagusien berri eman eta Oiartzunen aztertu diren puntuen berri emango da.
Herriko puntu ilunak identifikatzeko prozesuan 26 emakumek egin dituzte ekarpenak. Euren bizipenak aintzat hartuz osatu da Oiartzungo puntu beltzen mapa eta gune horietan emakumeak seguruago sentitu daitezen proposamenak planteatu dira.
17 puntu Oiartzunen
Iazko urrian, Lezoko Udalak bultzatuta Emakunde eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren laguntzarekin eta Oiartzun, Errenteria eta Pasaiako Udalen kolaborazioarekin, eskualdean puntu ilunak identifikatzeko prozesu parte-hartzailea martxan jarri zen.
Eskualdean zazpi lantalde sortu ziren lau herrietan emakumeentzako arriskutsuak izan daitezken edo arrisku sentsazioa sortu dezaketen tokiak azaleratzeko helburuarekin: lantalde horietako bat, Oiartzunen.
Diagnostikoaren azken helburua puntu ilunak desagerraraztea da. Oiartzunen 17 puntu identifikatu dituzte emakumeek, eta hauek aztertu dira, puntu ilun izateari uzteko baliagarri izan daitezken neurriak planteatuz.
Zer dira puntu ilunak?
Puntu ilunen diagnostikoak (edo Hiri Debekatuaren Mapa) 1980ko hamarkadan hasi ziren lantzen Kanadan. Hiri esparrua emakumeen ikuspegitik lantzea, esparruz publikoaz jabetzeko ariketa kolektiboa da.
Puntu ilunen azterketak emakumeek esparru publikoarekin duten harremanaren hausnarketa azaleratzen dute. Hiri antolamenduak emakumeen kontrako erasoak erraztu edo segurtasun falta sentsazioa sor dezakete, eta emakumeen mugikortasuna mugatu edo baldintzatu. Horiek dira puntu ilunak.
Euskal Herrian, gurearen aurretik Donostian, Bilbon, Eibarren, Irunen, Basaurin, Zumarragan... egin dituzte azterketak.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika