Oiartzunen 17 puntu ilun identifikatu dituzte emakumeek

Azterketan agertutako gune bakoitzeko proposamen bat planteatu da

Oiartzungo emakumeek herrian segurtasun eza eragiten dieten puntuak markatu dituzte: 17 guztira. 26 emakumek eman dute euren iritzia parte hartze prozesuan eta atzo, prozesuko teknikariak azterketaren emaitzak aurkeztu zituen.

Esparru publikoa historikiko gizonezkoen eremua izan da. Esparru horretan dauden arriskuak eta segurtasun eza ezberdin bizitzen dituzte gizonezkoek eta emakumezkoek, neurri batean emakumezkoek izan duten "beldurraren" ikasketa prozesuarengatik. Emakumezkoek ttikitatik jaso dituzten "kontuz nondik zabiltzan, kontuz bakarrik bazabiltza, kontuz gauez..." mezuek espazio publikoarekin duten harremana baldintzatzen dute.

Hiri-antolamenduak ere eragiten du segurtasun ezaren pertzepzioan.

Puntu ilunak identifikatzeko, sei irizpide neurtzen dira: ingurua ezagutzea; ikustea eta ikusia izatea; entzutea eta entzuna izatea; irteerak bistan egotea; ingurua zaindua egotea; eta espazioak era kolektiboan erabiltzea.

Oiartzungo herri egiturak baldintzatutako emaitzak

Irizpide horiek kontuan hartuta, guztira 17 puntu identifikatu dituzte emakume oiartzuarrek Altzibar, Arragua, Elizalde, Iturriotz eta Ugaldetxon. Itsasne Loroño prozesuko teknikariak azaldu duenez, "parte hartzea txikia izan da, beraz, ez gara iritsi auzo guztietako sentsazioak biltzera".

Oiartzunek duen herri egituraketak, auzoak sakabanatuak egoteak eta euren arteko distantziak baldintzatu dute, hein handi batean, puntu ilunen azterketaren emaitza. Puntu ilunen artean agertu dira Elizalde-Arragua, Altzibar-Iturriotz lotzen dituzten bideak eta Altzibar-Elizalde bidegorria. "Oiartzungo puntu ilunak ez dira horiek eta bakarrak, hayek jaso ditugunak baino ez dira", gaineratu du Loroñok.

Gainontzean, agertu dira Elizalde auzoko lurpeko hiru aparkalekuak, Elorrondo kalearen inguruak eta Doneztebe elizakoak, Arraguako topo ingurua eta zenbait bide solte (Igerobi, Erriondo, Katalintxo, Larrezabaleta...).

Azterketa honen balio nagusia puntu ilunen eta emakumeak kalean segurtasun gabe sentitzearen gaia mahai gainean jartzea eta beste udal arlo batzuei aurrera begira hausnarketarako eta informaziorako tresna eskaintzea dira.

Puntu bakoitza hobetzeko, proposamena

Aztertu den puntu bakoitzeko egoera hobetzeko proposamen bat ere egin da azterketa honetan: argiztapena hobetzea, txukuntzea, ikus-eremua zabaltzea, ispiluak jartzea... dira horietako batzuk.

Kasu bakoitzean, proposamen hauek teknikoki bideragarriak diren aztertu behar da, baita zenbait irizpide, arau eta eskumen kontuekin bateragarriak diren ere.

Horretarako, Hirigintza sailarekin harreman zuzena beharrezkoa da. Oiartzungo kasuan, Udala dagoeneko puntu ilunen azterketan agertu diren zenbait gunetako egoera hobetzeko azterketak egiten hasia da.

Eskualdean 77 puntu ilun identifikatu dira

Azterketa eskualdeko beste herrietan ere egin da. Guztira, 77 puntu ilun identifikatu dira Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzunen. Eskualde mailako arazo nagusiak argiztapen eskasa, ikus-eremu mugatuak, ezkutaleku posibleak eta toki bakartiak izan dira.

Bidegorria, tren geltokiaren inguruak eta argiztapen eza lau herrietan agertu diren puntuak dira.

Gehigarriak

Oiartzunen 17 puntu ilun identifikatu dituzte emakumeek