Herri musika ezagutzeko aukera probexteko gonbita egin dien Udalak herritarrei
Soinuenea Fundazioak eta Udalak elkarrekin aurkeztu dute hilaren 23an Soinueneak antolatuta, Ergoiengo Auzokalte Elkartean izango den Udaberriko Kontzertua (18:30).
Euskal Herritik kanpoko herri musika ordezkatuz, Mallorcako Es Reguinyol taldea ariko da. 15 bat flavioler (danbolinteroak) eta xeremierrek (xirolarruak) osatutak kontzertu alaia eskainiko dute. Euskal Herria Hernaniko Udal Musika Eskolako txistulariek ordezkatuko dute. Kontzertuaren ondoren, afaria izango da Auzokalte Elkartean. Kontzertuko sarrera 5 eurotan salduko da; sarrera eta afaritako txartela, berriz, 20 €tan.
Goiz horretan (Soinuenean, 11;00etan), haurrentzako kontzertu didaktikoa ere izango da, Mallorcako herri musika ezagutu dezaten. Saioa dohainik izango da.
Oiartzungo Udalak herritarrak animatu nahi ditu Euskal Herriko eta atzerriko herri musika ezagutzeko herrian bertan duten aukera hau ezagutu eta baliatu dezaten.
Era berean, Soinuenea Fundazioak herri musika kontserbatzen eta ezagutzera ematen egiten duen lana eskertu nahi du Udalak. Herriko kulturgintzan eragile garrantzitsua da, Oiartzungo beste eragile askorekin batera elkarlanean ere aritzen dena.
Kontzertuei atzera begira
Soinuenea Fundazioa 2002an hasi zen kontzertu hauek antolatzen, urtero lau: urtaro bakoitzean bat. Saio bakoitzean Euskal Herriko herri musika talde batek eta kanpoko beste batek parte hartzen dute.
Kontzertu didaktikoak antolatzen 2012an hasi zen Soinuenea, sortu eta hamar urtera. Gerora, Abaraxka ludotekarekin elkarlanean hasi ziren eta hilero ekintza bat prestatzen dute elkarlanean haur eta gurasoentzako: kontzertu didaktikoak; dantza, kantu edo tresna tailerrak...
Hilaren 24an, Dantza Plazan
Bide batez, Udaberriko Kontzertuaren biharamunean (hilak 24) dantza plazan saioa izango da (Doneztebe plazan, 12:00etan), Soinueneako musikariekin eta HELTAko dantza taldeekin. Zuzeneko musikarekin girotuta, dantza-jauziak dantzatzeko aukera izango du nahi duenak.
Soinuenea Fundazioak martxan jarritako Herri Musika Eskolari esker osatzen da Dantza Plazan zuzeneko taldea. Bertako ikasleek hilean behin kalejira ere egiten dute herrian barrena.
Honez gain, ezin dugu aipatu gabe utzi Soinueneak kudeatu eta zaintzen duen museoa: Herri Musikaren Txokoa.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika