Espainiako estatuko ordezkariaren errekurtsoa baztertu du epaitegiak
Udalbiltzari diru ekarpena egitea erabat legezkoa dela berretsi du Euskadiko Auzitegi Nagusiak, Carlos Urquijo Espainiako estatuko ordezkariak jarritako salaketa baztertuz.
2014an, 10.000 €ko ekarpena egin zion Oiartzunek Udala bera kide den Udalbiltza erakundeari. Espainiako gobernu ordezkaritzak auzia ireki zuen ekarpen ekonomiko horren kontra eta epaitegiek lehen instantzian Oiartzungo Udalari eman zioten arrazoia: legezko erakunde bati, gainera Udala bera kide denari, diru-ekarpenak egitea zilegi eta legezko dela baieztatuz.
Espainiako estatu ordezkariak, baina, errekurritu egin zuen sententzia hori eta orain iritsi berri da apelazioaren erantzuna: berriz irabazi du Oiartzungo Udalak auzia. Gainera, Espainiako estatua epaiketen gastuak ordaintzera zigortu du epaitegiak.
Oiartzungo Udalak argi du Udalbiltza laguntzen jarraituko duela, Euskal Herri osoko udal eta hautetsien erakundeak euskal nortasunarentzako eta naziogintzarako duen garrantzia dela eta.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika