Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia herritarrei

Iaz, aitorpenen %34,42 egin ziren euskaraz Oiartzunen

Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute Oiartzunen herritarrek, Udaleko ordezkariek eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneko kideek. 2015eko errentaren kanpaina hasi berria da, eta azken urteetan bezala, aurten ere diru-kontuak euskaraz egiteko kanpaina egiten ari dira Udala eta Ttur-Ttur.

Urtez urteko datuak begiratuta errenta aitorpena euskaraz egiten duten oiartzuarren kopurua gora egiten ari da. Hala, 2004ko aitorpeneko datuak begiratuz gero, %6,2 ziren aitorpena euskaraz egiten zuten oiartzuarrak. Eta 2014ko aitorpenetan, aldiz, %34,42 izan ziren. Aitorpengile kopuruari begiratuz gero, kopurua gutxi igo da, baina euskaraz egiten dutenen kopuruak proportzio handiagoan egin du gora.

Adibidez: azken bi urteetan soilik 14 aitorpen gehiago egin dira Oiartzunen (5.314tik 5.328ra igo da kopurua). Baina euskaraz egiten dutenen kopurua gehiago igo da, 101 aitorpen gehiago egin dira euskaraz azkeneko bi urteetan.

Kopurua gora egiten ari den arren, oraindik ere herritar asko dira diru-kontuak gaztelaniaz egiten dituztenak eta herritar horiei dei egin diete pausoa eman dezaten. Dagoeneko errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarrek argazkia atera dute Oiartzungo plazan, eta egin diete deia gainontzeko herritarrei.

Deialdi publikoa egiteaz gain, herriko hainbat tokitan kartelak, eskuorriak eta abar jarri dituzte. Udala UEMAko kide izaki, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bultzatutako kanpaina eta irudia bere egin ditu erabilitako euskarrietan. Herriko finantza erakunde eta aholkularitzak babesa eman diote aurten ere kanpainari, eta honenbestez, euren bulegoetan jarrita izango dituzte kartelak, eskuorriak eta errenta aitorpena euskaraz egin dezakezu jartzen duten mahai-gainekoak kanpainak irauten duen bitartean.

Udalak eta Ttur-Tturrek eskerrak eman dizkiete argazkian parte hartu duten herritar guztiei, eta baita ere kanpainarekin bat egin duten erakundeei: Laboral Kutxa, Kutxabank, Nafarroako Rural Kutxa, Sabadell Guipuzcoano, La Caixa, BBVA, Lurgintza nekazarien kooperatiba eta Zubillaga aholkularitza.

Errentaren kanpaina ekainaren 25era arte luzatuko da Gipuzkoan. Aitorpena egiteko aukeratutako modua edozein dela ere, aitorpena euskaraz egiteko aukera dagoela gogorarazi dute Udalak eta Ttur-Tturrek. Autolikidazioa jaso dutenen kasuan, jasotako proposamena onartzeko garaian euskaraz jaso nahi dela hautatu daiteke, eta aurrerantzean hizkuntza horretan jasotzen da proposamena. Errenta mekanizatuaren kasuan hitzordua  hartzeko garaian adierazi daiteke euskaraz egin nahi dela, eta internet bidezkoan errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi daiteke internetetik, eta hizkuntzaren atalean euskara aukeratu.

Honenbeste, oraindik aitorpena euskaraz egiten ez duten herritarrak animatu dituzte pauso hori ematera.

Gehigarriak

Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia herritarrei