San Markoseko aurrekontuak auzitara eramatea adostu dute ahobatez EH Bilduk eta EAJk

Foru Aldundiak AGIko baldintzak mantentzeko mozioa onartu da, EH Bilduren botoekin

Apirileko ohiko udalbatzarrean San Markos Mankomunitatearen 2016ko aurrekontuak epaitegietara eramatea adostu zen atzo, ahobatez, udal interesen kontrakoak direlako. Aurretik, Oiartzungo Udalak alegazio epean erreklamazioa aurkeztu zuen, baina San Markosek onartu ez duenez, auzibidea hastea erabaki da (2014 eta 2015eko aurrekontuekin egin bezala; oraingoz, 2014ko auzia irabazi du Oiartzunek). Oiartzungo Udalak eskatzen duena hau da: hondakinen bilketa eta tratamentua jasotzen denaren proportzioan ordaintzea, San Markoseko araudia eta estatutuak errespetatuz.

EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiak AGIa jasotzeko baldintzak aldatzearen kontra mozioa aurkeztu zuen, eta taldeko zinegotzien aldeko botoarekin atera zen aurrera. EAJk kontra bozkatu zuen. Rafael Bergaretxek horretarako arrazoiak azaldu zituen: "EAJren kontrako akusazio moduko bat dago eta gure taldean baino jarrera xenofoboagoak badaude beste batzuetan. Hori aski da ezetz botatzeko. Gainera, Maite Peña diputatuak adierazi du inor ez dutela bazterrean utziko".

Domi Azpiroz Gizarte-Ongizate zinegotziak azaldu zion "Oiartzungo eta Gipuzkoako estatistikek erakusten dute egonkortuta dagoela migratzaileen kopurua. Jendea ez dute laguntzek erakartzen -denek baitakite epemuga dutela-, baizik eta lanak. Orain arteko datuek ez dute justifikatzen dei efektuaz hitz egitea. Kontua da orain Europan errefuxiatuekin dagoen egoerarekin, ateak itxi nahi direla". Arduradun politieko zabaldu beharko luketen mezua "ongizatea bermatuko dutela" izan behar duela gaineratu zuen Azpirozek.

Apirileko protokolo gastuak 249 € izan dira lore, eskela eta, marka eta dominioen erosketan. Era berean, Jexux Leonet alkateak jakinarazi zuen aurrerantzean www.oiartzun.eus webgunean hiruhilero udal aurrekontuaren egoeraren berri emateko dokumentua zintzilikatuko dela, herritarrek eskura izan dezaten.