Oiartzungo 18 arropa denda eta mertzeriak parte hartuko dute 'Euskaraz dotoreago' kanpainan

Mamuteko galerietan ere ahalegin berezia egingo da

Euskararen erabilera areagotzeko kanpaina hasi da eskualdeko arropa denda eta mertzerietan. Oiartzunen 18 establezimenduk hartuko dute parte, eta eskualdean, guztira 90 bat izango dira. Ekainean, bezeroei oparitzeko oihalezko poltsak banatuko ditugu kanpainan parte hartzen ari diren dendetan. Irailean, berriz, deskontu baleak izango dira denda horietan euskaraz erosten duten bezeroentzat.

Kanpaina parte hartzeko bi baldintza bete behar dituzte: kanpainak kartela, Euskaraz dotoreago leloa duena, bistan jartzea kanpainak irauten duen bitartean; eta eurek jarritako oharrak euskaraz ere idatzita egotea. Alde horretatik, laguntza eskaini diegu itzulpenak eta kartelak euskaraz jartzeko beharra zutenei. Aipatu gremioari lotutako 21 establezimendu daude Oiartzunen eta horietatik 18k hartuko dute parte kanpainan. Ondokoak dira:

1. Alcampo (jantzien atala) (Mamut)

2. Azkar Kirolak (Elizalde)

3. Azkar Kirolak (Elizalde)

4. Baobab (Elizalde)

5. Begoña Zalakain (Elizalde)

6. Carrefour (jantzien atala) (Arragua)

7. El Paso (Talaia poligonoa)

8. Intersport Extreme (Talaia poligonoa)

9. Kinkila (Elizalde)

10. Lurdes arropa-denda (Altzibar)

11. Mas por menos (Talaia poligonoa)

12. Oiartzun Running Shop (Olagarai kalea, Ugaldetxoko poligonoa)

13. Oiartzun Zone (Olagarai kalea, Ugaldetxoko poligonoa)

14. Orratz (Elizalde)

15. Oskarbi (Elizalde)

16. Pukat Outlet (Olagarai kalea, Ugaldetxoko poligonoa)

17. Stock Factory (Mamut)

18. Zumitz (Elizalde)

Eskualdean guztira 90 bat establezimenduk parte hartuko dute kanpainan. Oiartzungoez gain, Pasaian 20, Lezon 3 (hiru daude) eta Errenterian 48.

Kanpaina joan den astean aurkeztu zen. Horrekin batera, irrati-tarteak emititu dira. Iraia Oiartzabal moda diseinatzaile pasaitarrak jarri die ahotsa irrati-tarte horiei. Euskarak moda munduan aritzeko ere balio duela azpimarratu zuen diseinatzaileak aurkezpenean, eta irrati tarteetan ere bai. Irratiko kuña horiez gain, ekainean oihalezko poltsak banatuko ditugu dendetean bezeroei oparitzeko (30 poltsa denda bakoitzean), eta irailean, berriz, deskontu baleak utziko ditugu dendetan (10 €ko hiru bale). Horiek izango dira kanpainako ekintza nagusiak.

Oiartzungo merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoaren baitan, azken urteetan, sektore edo gremio zehatza aukeratu eta bertan eragiteko ekintza zehatzak antolatzen ditugu Oarsoaldeko Merkataritza Mahaitik bideratuta. Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunetik gauzatzen da merkataritzako egitasmoa Oiartzungo Udalarekin duen hitzarmenaren bitartez. Hizkuntza paisaiak garrantzia handia du gure ustez, eta paisaia horretan eragitea da gure helburua, besteak beste.

Mamuteko galerietan, ahalegin berezia

Arropa denda eta mertzerietan egingo den kanpainaz gain, iaz hasitako bideari jarraiki, aurten ere herri bakoitzak gune jakin batean ahalegin berezia egingo du euskararen erabilera indartzeko. Hauek dira herri bakoitzean aukeratutako guneak:

ERRENTERIA: Biteri kale osoa eta Beraun auzoa. 168 establezimendu.

LEZO: Zubitxo eta Donibane kaleek osaten duten ardatzea. 34 establezimendu.

OIARTZUN: Mamut merkataritza guneko galeriak. 50 establezimendu.

PASAIA: Ez dute lanketa hau egingo. K egitasmoko 60 establezimenduekin jarraituko dute eta hauei beste multzo bat eransten saiatuko dira.

Azkenik, merkataritza sektore osoari zabaldutako ekintza bat ere antolatu da azarorako. Azaroaren azkeneko astean eta abenduko lehenean eguberrietako kanpainari lotuta, Euskararen paparazziak izeneko argazki lehiaketa egingo dugu eskualdean; euskara, merkataritza eta eskualdeko establezimendu bat lotuz eginiko argazki onena eta bigarren onena izango dira sarituak. Lehiaketako oinarriak eskuragarri daude www.oarsoarrak.eus webgunean eta udal Euskara zerbitzuetan.

 

Gehigarriak

Oiartzungo 18 arropa denda eta mertzeriak parte hartuko dute 'Euskaraz dotoreago' kanpainan