Oiartzunek ez du nahi erraustegirik ez Usurbilen eta ez beste inon

Usurbilgo alkateak bidalitako gutunarekin bat egin du Udalak

Maiatzeko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. Xabier Arregi, Usurbilgo alkateak erraustegiaren kontra bidalitako gutunarekin bat egin du Oiartzungo Udalak, EH Bilduren aldeko botoarekin, ez Usurbilen ez beste inon erraustegirik ez dela behar aldarrikatzeko: erraustegiak alternatiba baduela, gaikako bilketa efizientea egiten dugun udalerrion lana aitortu, birziklatzen segitzeko konpromisoa berretsi eta Gipuzkoako Foru Aldundiari erraustegirik ez egiteko eskatu du, beraz, Oiartzungo Udalak ere. Eneritz Arbelaitz Ingurumen zinegotziak Gobernu Taldeak "Usurbilgo alkateak azaldutako ideia guztiekin erabat bat egiten" duela adierazi zuen, "prest gaude ahal den guztia egiteko erraustegiaren kontra, eta dagoeneko ari gara horretan. Gipuzkoan mugitzen ari dira sendagileak, gurasoak... kezka dagoenaren seinale".

EAJk gutunaren kontra bozkatu zuen, "ez zaigulako iruditzen erraustegia baino alternatiba hoberik badenik", Rafael Bergaretxeren hitzetan. "Ez diogu eskatuko gure alderdiak kudeatzen duen Aldundiari proiektua geratzeko, bihotza eta dirua ukitzen du eta".

Oiartzun Ke?-ko zenbait kide ere bertaratu ziren plenora. Kepa Olaizek erraustegia "garestia eta, osasunarentzako eta ingurumenarentzako eztabaidagarria" dela adierazi zuen eta gogora ekarri Urnietan EAJ eta Txingudin EAJ eta PSEko alkateak izan zirela erraustegiak herri horietan kokatzea galarazi zutenak. "Demostratua dago alternatibak badaudela. Europako Batasunak iaz zirkularra onartu zuen birziklatzearen eta Zero Zabor filosofiaren alde eta udalbat honetan zauden alderdiek onartu zenuten. Borondatea eta dirua birziklapenean jarri behar dira". Datorren igandean (maiatzak 29) Donostiako Onkologikoa eta Gipuzkoa Plaza lotuko dituen giza katean parte hartzera ere gonbidatu zituzten oiartzuarrak. Oarsoaldeko herritarrek osatu beharreko zatia Onkologiko inguruan egongo da.

Gainerako gaietan, adostasuna

Gainerakoan, ahobatez onartu ziren gai guztiak. Tartean, Ibargain Musika Eskolan ikasle oiartzuarrek datorren ikasturtean izango duten beka sistema; herriko kirol elkarteek jasoko dituzten diru laguntzak; Elizalde Herri Eskolan eta Haurtzaro Ikastolan eskolaz kanpoko kirol jardueren koordinaziorako hitzarmenak edota hartzekodunen lehiaketara joandako zenbait enpresen erreziboak kobraezin aitortzea.

Maiatzeko protokolo gastuak 362 € izan dira harpidetza, eskela, garaikur eta bidaiatan.

Fitxategiak