HELTAko gitarra taldearen emanaldia izango da ostiralean

Udalak herritarrak bertara gonbidatu ditu

Oiartzungo Udalak ostiralean (hilak 3), Helduen Tailerretako gitarra taldeak eskainiko duen emanaldira gonbidatu nahi ditu herritarrak (udaletxeko areto nagusian, 20:00etan). Udalak HELTAk egiten duen lana errekonozitu nahi du publikoki, helduei formakuntz, kultur zein osasun arloko eskaintzak eginez. Kasu honetan, gitarra tailerrak musika-tresna hau jotzen ikasteko aukera eskaintzen die oiartzuarrei, duela 16 urtetik hona.

Josune Cousillas Kultura zinegotziak eta Joxe Leon Kazabon HELTAko gitarra tailerreko irakasleak elkarrekin aurkeztu dute ostiraleko saioa.

Hamasei urte da HELTA gitarra tailerra eskaintzen hasi zela, eta beste hainbeste ikasturte bukaerako emanaldia egiten dutela. Aurten, 50 ikasle inguru aritu dira ikasturtean zehar gitarra ikasten eta horietako 20 pasatxok parte hartuko dute ostiraleko saioan.

Banaka, binaka eta hirunaka kantatuko dute batzuk (Mikel Urdangarin, Ken Zazpi eta Xabier Leteren abestiak), eta bukaeran, taldean aterako dira, 10 bat kantu kantatzeko. Abesti horien letrak entzuleen artean banatuko dira, hauek ere kantari parte hartzeko aukera izan dezaten.

Hauek izango dira taldean joko diren abestiak, entzuleekin batera kantatzeko: Izotz ondoko eguzki (Xabier Lete); Irtenbiderik ez zen (Anjel Duhalde); Hemengo ta denetako (Anjel Duhalde); Lurra (Mixel Ducau); Iluntzean (Maixa eta Ixiar); Aita-semeak (Oskorri); Inshala (Alaitz eta Maider); Mendian gora (Imanol); Sorterriko koplak (Mikel Laboa) eta Gogoaren baitan (Anje Duhalde).

Gehigarriak

HELTAko gitarra taldearen emanaldia izango da ostiralean