Abian da laugarren urtez Oarsoaldean ekintzaileei laguntzeko Lanbideren laguntza-deialdia

Oarsoaldea Garapenerako Agentziaren bidez, eskualdeak 7 proiektu diruz laguntzeko aukera izango du

Laugarren urtez jarraian, ekintzaileei laguntzeko deialdia abian jarri du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak.

Egungoa bezalako ekonomia krisi testuinguru batean, hazkunde ekonomikoa, aurrerapena eta ongizatea bultzatzeko ekintzailetasuna ezinbestekoa da. Horretarako, beharrezkoa da ekintzaileei babesa eskaintzea beraien ibilbidean. Helburu horixe du hain zuzen diru-laguntzen deialdi honek; ernatze fasean dauden ideiak baliozkotzat jotzera edo eraldatzera, eta dagoeneko zehaztuta eta bideragarriak diren ideiei martxan jartzen laguntzera bideratuak. Bi kasuetan, Oarsoaldea Garapen Agentziak aholkularitza zerbitzua eskainiko die, eta aldi berean, Lanbidek, Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzaturik, diruz lagunduko die.

Laugarren deialdi honek arreta berezia jarri du 30 urtez azpikoengan eta emakumeengan eta baliabide ekonomiko handiagoa jarri du kolektibo hauentzat. Balorazio irizpideetan puntuazio handiagoa jasoko dute 30 urtera heltzen ez direnek eta emakumeek.

Onuradunek jasoko dituzten zenbatekoak:

- ENPRESA IDEIA GARATZEKO: 1.000 € 30 urte edo gehiago dituen gizonezkoarentzako eta 1.150 € emakumea bada; eta 1.150 € eta 1.300 € 30 urtez azpikoentzat.

- ENPRESA PROIEKTUA MARTXAN JARTZEKO: 1.500 € 30 urte edo gehiago dituen gizonezkoarentzat eta 1.725 € emakumea bada; 1.725 € eta 1.950 € 30 urtez azpikoentzat.

Eskaera aurkeztu ahal izateko, derrigorrezko baldintza izango da aurretik Oarsoaldea Garapen Agentziarekin tutorizazio prozesu bat abian jarri izana. Eskaera egiteko, ezinbestean, ekainaren 15ean, asteazkena, 12:00etan Oarsoaldearen Oiartzungo bulegoan egingo den tutorizazio-hasiera eta diru-laguntzen aurkezpen-bileran parte hartu beharko da (Astigarragako bidea 2-2. solairua. Mamut merkatalguneko bulego eraikina).

Betebeharrei, prozedurari, eskaerari eta abarri buruzko informazio gehiago www.oarsoaldea.eus webgunean edo Enpresa Txikiei Laguntza Sailarekin harremanetan jarriz, 943 49 41 29 telefonoan edo asalaberria@oarsoaldea.eus edo esusperregi@oarsoaldea.eus helbideetara idatziz.