Eskola Kirolara bizikletaz gehien joan den ikaslea oiartzuarra da

Elizalde Herri Eskola eta Haurtzaro Ikastola izan dira aurten ere bizikleta garraio gisa gehien erabili duten ikastetxeak

Eskualdeko Kirol Mahaiak 2015/2016 ikasturtean zehar Eskola Kirolako jardunaldietara garraio publikoan sustatzen jarraitzen du, hirugarren urtez. Aurten, jardunaldietara bizikletaz gehien joan den ikaslea oiartzuarra izan da: Daniel Picazo, Elizalde Herri Eskolako LH 6. mailako ikaslea.

Gaur, bere jarrera iraunkorra eskertzeko patinete bat jaso du sari gisa, bere eskolan egindako ekitaldian. Bertan izan dira Enekoitz Markos Oiartzungo Kirol zinegotzia eta Jaione Karrikiri, Errenteriako alkateordea. 

Ikastetxeak orokorrean hartuta ere, Oiartzungoak izan dira eskualdean bizikleta gehien erabili dutenak: Elizalde Herri Eskola (desplazamenduen %6,20) eta Haurtzaro Ikastolak (desplazamenduen %5,28). Irailean, Eskola Kirolako jardunaldietara bizikletaz joan diren ikasle guztiek jasoko dute oparitxo bat.

Urtetik urtera, Eskola Kirolako jardunaldietara bizikletaz joaten diren haurren kopurua gehitzen ari da, bai herrian eta baita eskualdean ere.

Orain arte, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere lagundu du egitasmo hau. Aurten, laguntzeari utzi dio, baina Eskualdeko Kirol Mahaiak egitasmoarekin jarraitu du, haurrak mugikortasun iraunkorraren garrantziaz jabetzeko eta ohitura onak sustatzeko.

Gehigarriak

Eskola Kirolara bizikletaz gehien joan den ikaslea oiartzuarra da