Merkatari eta ostalarientzako baliabideak udan ere zerbitzua euskaraz emateko

Merkatari eta ostalariak zerbitzua euskaraz ematera animatu nahi ditugu udan ere. Horretarako, urtero egin ohi dugun moduan, Oiartzungo Udalak eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak euren eskura dituzten doako baliabideak gogorarazi dizkiegu merkatari eta ostalariei, bereziki, merkealdia jartzen duten merkatariei eta otordua eskaintzen duten ostalariei.

Merkealdi garaia uztailaren 1ean hasiko da, eta gure zerbitzuak gogorarazteko gutuna bidali diegu merkealdia jartzen duten Oiartzungo merkatariei. Merkealdiko material berezia eskuragarri dutela gogorarazi diegu: Merkealdia edo Eskaintzak jartzen duen kartelak, prezio zaharra eta berria erakusten duten txartelak, ehunekoen txartelak, eta baita ere, baleak, fakturak edo ordainagiriak egiteko talonarioak.

Ostalariei dagokienez, menuak eta kartak zuzentzeko edo euskaratzeko laguntzarik behar izanez gero gure zerbitzua erabil dezaketela gogorarazi diegu gutun bidez. Batetik, menua edo karta euskaraz eskain dezaten laguntza ematen dugu eta nahi izanez gero, menua edo karta euskarara itzultzen diegu, edo, bestela, euskaraz daukatena zuzentzen dugu. Bestetik, menua eta karta euskaraz duten ostalariei Jatetxe honetan menua euskaraz dioen bereizgarria dagokiela gogorarazi diegu.

Merkatari edo ostalarien batek gure gutunik jaso ez badu, eta zerbitzua erabiltzeko interesa bada, oraindik garaiz dabil materiala eskuratzeko. Zerbitzua dohainik da. Eskaerak egitekoedo informazio gehiago lortzeko:

TTUR-TTUR EUSKALTZALEON BILGUNEA

FERMIÑENE ETXEA, Aialde kalea 2, 1. solairua

943 26 01 82/merkatariostalari@tturttur.eus

Zerbitzua euskaraz eskaintzeak establezimenduaren kalitatea hobetu eta bezero euskaldunekiko begirunea adierazten du. Bide horretan laguntzeko, Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunearen eta Oiartzungo Udalaren arteko hitzarmenari esker, gauzatzen da Oiartzungo merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa.

 

Gehigarriak

Merkatari eta ostalarientzako baliabideak udan ere zerbitzua euskaraz emateko