Indarkeria matxista saihesteko formakuntza eta Krisi Mahaia egin dira

Gaur, Euskal Herrian azken egunetan izan diren hilketa matxistak salatzeko deialdiarekin bat egin du Udalak

Indarkeria sexistari aurre egitea Udalaren arduretako bat da. Horretarako, herriko ostalariei eta Txosna Batzordeko kideei indarkeria sexista saihesteko formakuntza tailerra eskaini dio Udalak, Feminismo sailetik bideratuta. Txosna Batzordeko eragile batzuetako ordezkariek parte hartu zuten. Udalak nahi baino jende gutxiagok parte hartu zuen tailerrean, hala ere, parte hartu zutenentzako baliagarria izatea espero du.

Abiapuntu teorikotik hasita, indarkeria sexistaren kasu errealak identifikatu eta detektatzeko gakoak ematea izan zen helburua. Indarkeria sexistaren inguruan dauden mitoak desmuntatu, egon daitezken esperientziak partekatu, Oiartzunen dauden tresnak ezagutu, indarkeria identifikatu eta hauen aurrean jarrera egokiak identifikatzea izan zen bi orduz Farapiko bi teknikarik gidatutako saioa.

Krisi Mahaiak hiru urruntze agindu gehiagoren berri izan du

Aste honetan, indarkeria matxista saihesteko Krisi Mahaia ere elkartu da, sortu denetik bigarren aldiz. Ohiko bilera izan da, xanistebanen aurretik elkartzea adostu baitzen.

Bilera honetan Udalak (Gizarte-Ongizate, Feminismo eta alkatetzako ordezkariak) herriko eragile feministekin eta Osasun Zentroko arduradunekin elkartu ziren. Osasun Zentroa gehitu da bileretara, informazioa trukatzeko eta koordinazio lana errazteko.

Besteak beste, herrian dauden indarkeria matxista kasuen jararipena egiteko balio du Krisi Mahaiak. Urtarriletik ekaina bitartean, beste hiru urruntze agindu gehiago egon dira Oiartzunen. Guztira, 30 emakume oiartzuar bizi dira euren erasotzaileengandik babesteko neurri judizial honekin.

Hurrena, azaroaren 25aren bueltan elkartuko da Krisi Mahaia, tartean ezohiko bilerarik ez badago, bederen.

Gaur. Txoko Feministara joateko deialdia

Bide batez, Oiartzungo Udalak aste honetan Euskal Herrian izan diren lau erailketa matxistak salatu ditu eta gaur Antiju Morik talde feministak Doneztebe plazako Txoko Feministaren 19etarako deitu duen elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen die herritarrei. 

Gehigarriak

Indarkeria matxista saihesteko formakuntza eta Krisi Mahaia egin dira