Etxebizitza hutsak alokairuan merkaturatzeko hitzarmenak onartu ditu Udalak

Lurbizi egitasmoko lehenengo lur-eremuak esleitzeko lehiaketa idatzita dago

Ekaineko ohiko udalbatzarrean gai guztiak ahobatez onartu zituzten EH Bildu eta EAJko zinegotziek, EH Bilduk ekainaren 28aren harira sexu aukera askatasunaren alde aurkeztutako mozioa bera bere bai. Agurtzane Lekuona Feminismo zinegotziak informatu zuenez, "lesbiana, gay, bisexual eta transexualen kontrako indarkeria ere indarkeria matxista da. Jaietan areagotu egiten dira eraso matxistak eta eskualdeko lau Udalok indarkeria matxistaren kontra eta, aniztasunaren eta errespetuaren alde indarrak batu ditugu". Honela, eskualdeko herrietako festetan lona bat zintzilikatuko da udaletxeetan eta indarkeria matxistaren kontrako protokoloa zabalduko da taberna eta txosnetan.

Ondoren, Gobernu Taldearentzako herrigintzarako estrategikoak diren zenbait garen txanda izan zen. Horien artean, herrian etxebizitza hutsak alokairu sozialera bideratzeko estrategia martxan jartzea. Etxebizitza hutsen inguruko azterketa egin zuen Udalak urte hasieran. 324 etxe huts eta Alokabiden 203 eskatzaile oiartzuar identifikatu zituen. Datu hauek ezinbestekoak izan dira alokairu programa diseinatzeko.

Beraz, Eusko Jaurlaritzako Alokabide zerbitzuarekin hitzarmena sinatuko du Udalak ASAP eta Bizigune programak martxan jartzeko.

Bestetik, etxebizitza hutsen merkaturatzea sustatzeko diru-laguntzen ordenantza ere onartu zuen Udalak atzo, ahobatez: IBI-a jaistea etxe hutsa alokairuan jartzen dutenei, Energia Efizientzia lortzeko laguntzak ematea, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean Etxebizitza Bulegoa martxan jartzea...

(Gai honi buruz luze eta sakon informatuko du Udalak 80. Udala Informatzen aldizkarian, uztaila bukaeran etxez etxe banatuko dena).

Lurbizi martxan jartzeko egitasmoa diseinatua dago

Lehenengo sektorea sustatzeko Lurbizi egitasmoa martxan jartzeko Behemendirekin hitzarmena ere onartu zen. Behemendik Makutxo Agroaldea izango denaren proiektua idatzi du eta lur-eremuak esleitzeko lehiaketako oinarriak ere zehaztu ditu) epe motzean lehiaketa martxan jartea aurreikusten da).

Ekaineko protokolo gastua 28,42 € izan dira, bidaiatan.