Oarsoaldea Garapen Agentziaren Turismo sailetik adierazi digutenez, Oiartzungo Turimos Bulegoa uztailaren 1etik zabalik dago, eta uztaila eta abuztu osoan egongo da irekita.
Honela, Oiartzun ezagutzera etortzen diren bisitariek behar duten informazio guztia jaso ahal izango dute Doneztebe plazan bertan kokatua dagoen bulegoan, Fermiñene eraikinean (Aialde, 2). Uztailaren 1etik abuztuaren 31 arte turismo bulegoak izango duen arreta-ordutegia honakoa izango da: egunero 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Oiartzunek bisitarientzako eskaintza zabala du. Bere hiru museoez gain (Soinuenea-Herri Musikaren Txokoa, Luberri Ikasgune Geologikoa eta Arditurri Meatze gunea), Aiako Harria Parke Naturalaren barruan ibilbide homologatu ugari egin daitezke. Gainera, Parke Naturalaren barruan, multzo megalitiko ugari aurki ditzakegu eta oso erraza da hauetara iristea. Hauen artean Sorondo, Egiar, Oialeku eta Biandizko ibilbideak ditugu. Parke Naturalaren barruan beste aukera bat Bidasoako Kontrabandisten Ibilbidea dugu. Ibilbidi zirkular hau XX. mendearen erdialdean kontrabandorako igarobide garrantzitsuak izan ziren zenbait mendi bidexkatan barna doa, eta Arritxulo aterpetxea geldiunetako bat da. Bizikletaz zein oinez egin daiteke.
Beste ibilbide interesgarria eta erraza Arditurriko Bide Berdea da. Bere 7 kilometroetan zehar Oiartzun ibaiaren parean doa, eta ez dauka inolako zailtasunik. Oinezkoentzat, txirrindularientzat edo patinatzaileentzat egokia da, eta gainera ibilbidea Donostian hasi daiteke, Arditurri meatze gunean bukatuz.
Honek guztiak, gastronomia eta ostatu eskaintza zabalarekin batera (925 leku: 4 hotel batetik lau izarretara, pentsio bat, 5 nekazalturismo, 3 landetxe, kanping bat eta mendi aterpe bat), Oiartzun erakargarria egiten du turistentzat, eskualde osoa, Donostia edota Gipuzkoa oso bisitatzeko abiapuntu aproposa baita.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika