Bost haur sahararrek uda Oiartzunen pasatuko dute

Basamortuko uda arintzea eta osasun-baldintzak hobetzea da programaren helburua

Bost haur sahararrek uda Oiartzungo etxeetan pasatuko dute Oporrak bakean programaren baitan, El Watan elkarteari eta Udalari esker. Aurreko larunbatean (uztailak 2) iritsi ziren.

Oporrak bakean programaren helburua Tindufeko errefuxiatu guneetan bizi diren haurrak Saharako basamortuko uda gogorretik urruntzea eta hauei osasun-arloko jarraipenak egitea da, batez ere.

Udalak haur hauen bidaia finantzatu du eta udaleku irekietan parte hartzea ere bere gain hartu du. Hezitzaile bat (Nabil Salma) egongo da propio beraiekin.

El-Watan Elkartea, aldiz, haurrak hartu dituzten familiak bilatzeaz arduratu da, eta udan zehar haurren jarraipena egingo du, baita haientzako ekintzak antolatu ere. Lehenengoa, ongietorri festa gisa, atzo egin zuten: askaria Landetxe plazan.

Ongi etorri Oiartzunera Saluka, Tarba, Dami, Salah eta Haibala! Ongi pasatu uda!

Gehigarriak

Bost haur sahararrek uda Oiartzunen pasatuko dute