Herriko abeltzainak auzolanera deitu dituzte Ibañarriko itxitura konpontzeko

Bianditz eta Zaria mendietako eremu batzuk garbitzen hilabete honetan hasiko dira Udala eta Aldundia

Azken hilabeteetan Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta herriko abeltzainek lantalde bat osatu dute, herriko mendi publikoetan dauden beharrak eta arazoak bideratzeko. Lantalde honek auzolanean Ibañarriko itxitura konpontzeko auzolanerako deia luzatu die herriko abeltzainei, hilaren 16 eta 23rako (larunbatak, 08:00etan, Ibañarrin bertan).

Lantaldeak jakinarazi duenez, auzolanean parte hartzen dutenentzako hamaiketakoa izango da.

Larre Planeko garbitze lanak uztailean hasiko dira

Oiartzungo mendi publikoak garbitzeko Larre Plana ere martxan dago, Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlanari esker. Aurten, Urmendi, Uzpuru-Kauso, Zaria, Bianditz, Bianditz Lepoa eta Antonsoro eremuak iratze eta otez garbituko dira. Iratzea garbitzeko lanak uztailean egingo dira eta otea garbitzeakoak, abuztua-irailean (data hauek eguraldiak baldintzatu ditzake).

Erakunde bakoitzak 30.000 € bideratu ditu garbiketak egin ahal izateko, aurten. Larre Planak datozen urteetan jarraipena izango du.