Uztailaren 18an, Sahara Eguna udalekuetan

Ikasmateriala eta zenbait elikagai bilduko dira egun horretan

Urteak dira Oiartzuna haur sahararrak etortzen direla uda gurean pasatzera. Haur hauetako askok udalekuetan parte hartu izan dute eta aurten ere bost haur saharar daude udalekuetan.

Azken urteetan, Sahara Eguna ospatzen da udalekuetan. Modu honetan, haur oiartzuarrek sahararren kultura, jolasak, jantziak, bizimodua... gehiago ezagutzeko aukera izaten dute. Egun honen antolaketa lanetan El Watan eta Abaraxkak elkarlanean aritzen dira urtero, eta haur saharrak protagonista izaten dira. Aurtengo Sahara Eguna uztailaren 18an ospatuko da herriko plazan.

Azken ikasturtean zehar, Haurtzaro Ikastolan presio eltzeak bildu eta Saharara bidaltzeko proiektu polit bat abiatu da; 15 eltze lortu dira. Udalekuetan ekimen honi jarraipena eman nahi izan zaio. Modu honetan, udalekuetako haurrek ikasmateriala, eztia, esne kondentsatua eta nozilla ekarriko dituzte 15 eltzeak betetzeko. El Watan elkartea arduratuko da ondoren elkartasunez beteriko presio eltzea Saharara helarazteaz.

Egun hau herritarrekin batera ospatu nahi dugu. Horregatik, herritarrak ere gerturatzera gonbidatu eta presio eltzeak betetzeko materiala ekartzera animatzen ditugu.

Gehigarriak

Uztailaren 18an, Sahara Eguna udalekuetan