Eskualdeko udalak, eraso sexistarik gabeko festen alde lanean

Erasoen kontrako protokoloa eta materiala sortu da, herritarrak sentsibilizatzeko 

Oarsoaldeko Udalek sentsibilizazio-kanpaina jarri dugu abian, udan jai parekideak eta eraso sexisten, homofoboen, xenofoboen eta transfoboen aurka jardutekoak izan ditzagun.

Jaietan jende ugari biltzen da, eta ospakizunetarako eta ondo pasatzeko gogoa izaten da. Emakume eta gizonak kalera ateratzen dira, eta gizarte-arauak malgutu egiten dira. Horrenbestez, benetan garrantzizkoa da elkar errespetatu behar dugula nabarmentzea eta elkarbizitzaren aldeko jokabideak behar ditugula aldarrikatzea.

Emakume izate hutsagatik egoera gogorak bizi izaten ditugu, izan ere, enbarazu egiten digute, indarrez hartzen gaituzte, inguratu egiten gaituzte edo eraso egiten digute. Taberna, txosna eta elkarte gastronomikoetan ospatzen dira festak; horregatik dira toki horiek sentsibilizatzekoak, elkarren arteko errespetua eta tratu ona bermatze aldera.

Abian jarritako kanpaina honen helburuak hauek dira: batetik, errespetuzko jarrerak aldarrikatzea, guztion gozamenerako jaiak izan daitzen, inolako eraso sexista, homofobo, xenofobo eta transfoborik gabe; eta bestetik, tabernetan, txosnetan eta elkarte gastronomikoetan erasoen aurkako informazioa izatea, nola jokatu behar duten jakiteko. Horretarako, materiala sortu dugu, eta helarazi egingo diegu:

- Jai parekideen aldeko kartela, Festetan gurekin beldurrak jai leloarekin.

- Eraso sexisten aurrean jarduteko protokoloa.

- Eraso bat ikusi, entzun edo jasaten bauduz, ERANTZUN!! pegatina. Animatu egingo ditugu pegatina hau emakumeen komunean jartzera, edo taberna, txosna edo elkarteko arduradunentzako ikusgai dagoen toki batean jartzera.

Eraso egoera baten aurrean herritarrak udaltzainekin harremanetan jartzera gonbidatzen ditugu, haiek ere kanpaina honetan partaide baitira, eta arlo honetako gertakizunetan nola jokatu bai baitakite.

Gizarte zerbitzuak, Berdintasunerako arloa eta Udaltzaingoa elkarlanean aritzen dira, hartara, ahalik eta erantzunik egokiena eta azkarrena emango dute, egoeraren premien arabera. Udaltzaingoa, halaber, Ertzaintzarekin batera aritzen da elkarlanean.

Gehigarriak

Eskualdeko udalak, eraso sexistarik gabeko festen alde lanean