Hondakinen kudeaketa egokirako batzordea sortu du Udalak

GHK-k erraustegia finantzatzeko hartu duen erabakiak oiartzuarren hondakinen tasa %63 igoko luke

Hondakinen kudeaketa egoki baterako batzordea sortuko du Udalak. Hiru zinegotzik (EH Bilduko bi eta EAJko bat), udal idazkariak, kontu-hartzaileak, eta Inguruemn teknikariak osatuko dute batzordea eta errasutegiak Oiartzunen izango lituzken eraginak (ekonomikoak, ingurumenekoak...) aztertuko ditu.

EH Bilduk aurkeztutako mozio baten ondorioz sortu da batzordea. Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK) erraustegia eraikitzeko 1.568 milioi €ko gastua 35 urtetan ordainaraziko die gipuzkoarrei. Udal bakoitzak %10 bidaliko luken errefusaren arabera eta gainerako %90a erraustegia erabilgarri ("disponibiliatea" deitutakoa) egoteagatik ordaindu beharko du. Horrela, gaur egun Oiartzungo hondakinen tasa dena %63 igoko da. "Erabat bidegabea da. Ordainketa mota horiek ez dituzte Hondakinen Kudeaketa Arautzeko Europako Zuzentarauaren irizpideak errespetatzen. Oiartzungo Udalak oiartzuarren interesak babesteko bidea hartu nahi du".

EAJk mozioaren alde bozkatu zuen, eta Rafael Bergaretxe zinegotziak "parte hartzeko prest" daudela adierazi zuen. "Oiartzunek %83 sailkatzen badu, zergatik ordaindu behar du biztanel kopuruaren arabera? Heldu beharreko eztabaida da hori. Mozioan erabiltzen diren espresio batzuk guk ez genituzke erabiliko, baina gaia bideratzen hasteko ahalegin bezala balioko duela uste dugu".

Jexux Leonet alkateak jeltzaleen jarrera "baloratu" zuen. Eneritz Arbelaitz Ingurumen zinegotzi eta San Markos Mankomunitateko udal ordezkariak azaldu zuenez, "informazioa eskatu dugu San Markosen eta ez zaigu eman. Beste bide batzuetatik lortu behar izan dugu eta uste dugu Udalok ere aztertu behar dugula, zuzenean eragiten digulako".

Etxebizitza politika, Etxebide eta Oarsoaldearekin hitzarmenak

Etxebizitza arloan, etxebizitza hutsak alokairura ateratzeko egitasmoa martxan jartzeko beste bi hitzarmen onartu zituen atzo Udalak, ahobatez. Bat, Etxebiderekin: hitzarmenari esker, Etxebideko tramiteak Oiartzungo udaletxean bertan egin ahal izango dira, "herrian bertan erraztasunak emateko".

Bestetik, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin ere hitzarmena onartu du Udalak, besteak beste, "laguntza zentralizatuko duen bulego bakarraren zerbitzua" Oarsoaldeak eman dezan.

Xanistebanen aurrekontua, 91.000 €

Xanistebanen aurrekontua ere onartu zen: 91.000 € pasatxo bideratu ditu Udalak herriko festak antolatzera.

Ekaineko eta uztaileko protokolo gastuak, bidaiatan, 84,82 € izan dira. Hiru hilabetez behin aurrekontuen exekuzioaren berri ere ematen da, eta atzo egin zen. Publikoak dira www.oiartzun-eus-en eta Kontu-hartzailetzan.

Galdera- eskarien atalean, EAJk Urkabe Baitari buruz galdetu zuen, "festa bat izan dela-eta kexak jaso ditugu. Gure galdera da udalak zergatik ez dion eremua herritarrei irekitzen, parkea eta sarrera moldatuta?". Jexux Leonet alkateak erantzun zionez, "urkabe Baitak aukera handiak ematen ditu, baina jorratu eta pentsatu egin behar dira". Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiklo Errepide sailarekin egindako bileretan Urkabe Baita inguruko irisgarritasunaren gaia planteatu dela esan zuen. "Udalaren eta oiartzuarren ondarea da Urkabe Baita eta irtenbidea ematea da Udalaren helburua, baina ez dago lehentasunetan. Aurrekontuak ahalbidetzen duenean, egongo da. Denborarekin, udal zerbitzuetan txertatu posible izango da".