Xanistebanetan eraso sexisten kontrako protokoloa indarrean egongo da

Erasoen aurrean erantzutera animatu dituzte herritarrak Udalak eta mugimendu feministak

Oiartzungo Udalak eta herriko mugimendu feministak xanistebanetarako eraso sexisten krontrako protokoloa aurkeztu du. Txosnetako eragileek ere parte hartu dute protokolo hau martxan jartzen.

Festetan beldurrak gurekin jai! leloa da aurtengoan eskualdeko lau udalek gure herrietako festetan aldarrikatuko duguna. Hori horrela, leloa idatzia duen lona zintzilik egongo da abuztuaren 2tik 6ra udaletxeko balkoitik.

Herritarren kolaborazioa, ezinbestekoa

Txosna eta tabernetan eraso sexisten aurreko protokoloa banatuko da herriko festen aurretik. Honela, gune horietan erasoren bat gertatuz gero, nola jokatuko jakiteko irizpideak izango dituzte bertako arduradunek.

Herritarrei ere kolaborazio aktiboa eskatu nahi diete Udalak eta mugimendu feministak, erasoei aurre egitea gizarte osoaren ardura eta erantzukizuna baita.

Eraso sexistaren bat ikusi, entzun edo jasaten duten guztiak erantzutera animatu nahi ditugu. Horren aurrean, bi mezu garrantzitsu zabaldu nahi ditugu: eraso sexistaren bat ikusiz gero, erasotua izan den emakumeari laguntza behar duen galdetu eta ez utzi bakarrik.

Horrez gain, udaltzainei parte emateko ere eskatu nahi dugu, erasoei buruzko konstantzia gera dadin (salaketa egon edo ez. Salaketa jartzea erasotuaren erabakia baita, errespetatu beharrekoa). Hau da udaltzainen telefonoa: 943 49 33 11 (24 orduz erabilgarria).

Eraso sexista, homofobo, xenofobo eta transfoborik gabe

Jai giroan ere, elkar errespetatzea da eraso sexistarik ez egoteko bermea. Erraza da: ezezkoak errespetatu, sexu aukera guztiak onartu eta xanistebanak gozatu!

Oiartzungo Udalak eta mugimendu feministak xanistebanak guztion gozamenerako jaiak izatea nahi dugu. Horregatik, jai parekideak aldarrikatzen ditugu: eraso sexista, homofo, xenofo eta transfoborik gabekoak.

Gehigarriak

Xanistebanetan eraso sexisten kontrako protokoloa indarrean egongo da