Xanistebanetako kultur ekitaldia, festak girotzen hasteko

Omenaldi, aurkezpen eta sarien txanda izan zen atzo

Xanistebanak ate joka ditugula iragartzeko, urteroko kultur ekitaldia izan zen atzo. Josune Cousillas Kultura zinegotziak gidatu zuen saioa eta Jexux Leonet alkatearen ongietorri mezuarekin hasi zen. Leonetek urtean herrian albiste izan diren gertakariak gogora ekarri zituen eta herriko festetan "bi aukera" baino ez daudela azaldu zuen: "Ongi pasa edo ongi pasa. Gora eraso sexistarik gabeko xanistebanak!".

Aurten ere protagonistak Mugarri, Oiartzun urtekaria, omenduak, erakusketa eta kartel lehiaketako sarituak izan dira.

Mugarri eta 'Oiartzun' urtekaria

Aurtengo Mugarri 23. izan da: Kaparetasuna eta odol-garbitasuna Oiartzunen. XVI.XIX. mendeak. Iñaki Garrido Yerobi eta Denis Alvarez Perez-Sostoa historialariek egin dute. XVI. eta XIX. mendeen artean, herriko kargu publikoak bete ahal izateko eta eskubide zibilak eskuratzeko oiartzuarrak odol-garbikoak zirela desmotratzeko auziak bildu dituzte. Guztira, Oiartzungo 40 familiaren testigantza bildu da.

Alvarezek azaldu zuenez, Oiarztunen beste inon oraingoz topatu ez duten kasu bat azaldu da: XVIII. mendean bere odol-garbitasuna frogatu zuen emakumezko bat.

Oiartzun urtekariaren 46. edizioa izan da aurtengoa. Urte askoan Urtekari Batzordeko kide izan den Adolfo Leibar -joan den maiatzaren 8an zendua- bereziki gogora ekarri zuen Cousillasek, urtekaria martxan jartzen eta urtetan egindako lanarengatik.

Omenduak: emakume baserritarren kolektiboa, Izar Etxeberria dantzaria eta Haurtzaro Ikastola  

Aurtengo omendua kolektibo bat izan da: emakume baserritarrena. Ane Lardi, Jon Del Olmo eta Aintzane Toledok prestatutako Beharrari eskatu laguntza bideoaren bidez, Oiartzuarren Baitan egitasmoan jasotako testigantza batzuk berreskuratu dira. 14 emakumeren hitzak bildu dira: Mañoli Aduriz Lopetegi; Tiburtxi Aduriz Urdanpilleta; Maria Jesus Enbil Urdanpilleta; Maitxo Gaztañaga Etxeberria; Frantxixka Iragorri Iriarte; Inaxi Irastortza Artola; Maitxo Irastorza Gaztelumendi; Inaxi Oiartzabal Etxeberria; Arroxa Pikabea Artola; Inaxi Retegi Elizegi; Maitxo Sagardia Olano; Lorentxa Saizar Lopetegi; Dolores Unsain Aizpurua eta Joxepa Zabalegi Lazkanotegi. Hiru gizonezkoren testigantzak ere jaso dira, emakumeek baserrian egiten zutenari buruz hizketan: Manuel Iñarra Lizarazu, Erramun Irazu Apezetxea eta Enrike Lekuona Arsuaga. Emakume baserritarren omenaldia borobiltzeko, Ane Narbarte artistak egindako koadro bat jarriko da udaletxean.

Era berean, Izar Etxeberria Arruabarrena dantzariari Soinu Zahar txapelketan irabazitako oroigarria itzuli dio Udalak. Azken hiru urteetan jarraian Etxeberria izan denez Euskal Herriko Soinu Zahar txapeldun, garaikurra udaletxean zegoen joan den martxotik. Orain, herriak Etxeberriari berea den oroigarria itzuli dio, etxean jaso dezan.

Haurtzaro Ikastolak ere jaso zuen omenaldia, 50 urte beteko dituelako 2016/2017 ikasturtean eta urte hauetan guztietan euskarazko hezkuntzaren alde egindako lanarengatik. Asier Bergaretxe gaur egungo lehendakariak, Roman Irigoien lehendakari izanak eta Sorkunde Lekuona zuzendariak ordezkatu zuten komunitatea.

Gaur, ikastolaren ardura izango da xanistebaneti hasiera ematea, Jai Batzordeak hala erabakita. 

Kartel lehiaketako sariak banatu dira

Ohikoa denez, kultur ekitaldian xanistebanetako kartel lehiaketako sariak ere banatu ziren. Aurtengo irabazlea Andrea Villamor Sanchez izan da. Eneko Salaberria Gonzalezek jaso du oiartzuar onenaren saria, eta Onintza Etxebeste Lirasek eta Iosu Mitxelena Unsainek bi akzesitak. Margosoroko saria Aritz Aparicio Pagadizabalek jaso du.

Juan Carlos Olaetxea margolari beratarraren erakusketa ere aurkeztu zen atzo. Paisaje errealistak margotzen dituen margolariaren lanak egongo dira udaletxeko pleno aretoan xanistebanetan. Hau da ordutegia: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Gehigarriak

Xanistebanetako kultur ekitaldia, festak girotzen hasteko