Elkartasuna nagusitu den Xanistebanak
Aurtengo Xanistebanen inguruko behin-behineko balorazioa egin du Oiartzungo Udaleko gobernu taldeak.
Aurtengo Xanistebanak bereziak izan dira. Jaiak hasi aurretik Donostiako epaitegiko agindua jaso zuen Udalak jai batzordeak osatutako egitarauko hainbat ekintza debekatuz. Horiek bertan behera geratu arren, Xanistebanetan lehenengo egunetik tentsioa nabaritu da. Izan ere, presentzia poliziala handia izan da.
Onartu behar dugu presentzia polizialak ez duela laguntzen jaiak alai eta pozik ospatzen. Baina onartu behar dugu, era berean, herritarrek modu duin batean erantzun dutela inolako probokaziotan erori gabe.
Debeku hauek preso eta iheslarien eskubideen aldeko aldarrikapena debekatu nahi izan dute. Gure lagun eta senideen eskubideen defentsa, aldiz, ez da debeku batzuekin geratuko, eta hori adierazi dute oiartzuarrek jai batzordeak deitutako abuztuaren 1ean egindako elkarretaratzearen bidez eta abuztuaren 6an eskainitako prentsaurrekoaren bidez. Gobernu taldeak ere bat egiten dugu jai batzordeak egindako irakurketarekin.
Xanistebanak orokorrean ongi joan direla uste dugu, egunez nahiz gauez giro polita egon da kaleetan eta hori azpimarratu nahi dugu. Oiartzuarrok jaiak disfrutatzen eta ospatzen jakin dugu, auzolanari tiraka, elkarlana sustatuz eta elkar lagunduz. Eta hori da baloratu eta goraipatu nahi duguna.
Aipatu behar dugu ez dela eraso matxisten inguruko salaketarik jaso. Hala ere, herrian ikusi dira irudi edota mezu iraingarriak eta beraz, horrek adierazten du oraindik badagoela Oiartzun parekide baten alde lanean jarraitzeko beharra.
Bukatzeko, zoriondu nahi ditugu jai batzordean lanean aritu diren guztiak. Denen artean lortu baituzue egitarau oparoa osatzea. Hilabeteetako lanaren ondoren herritar nahiz kanpotik etorri diren guztiei ederki pasatzeko aukera eskaini baitiezue. Beste behin ere herrian parte hartzen duten herritarrak baditugula ikusi dugu. Eta esan, honelako mugimendua duen herria babesten jarraituko dugula Udaletik.
Irailan jai batzordeak egingo duen balorazioaren zain geratuko gara gobernu taldeko kideok behin-betiko balorazioa egiteko.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika