Oarsoaldeko lau udalek eta euskaltegi guztiek prentsa-agerraldia egin dute 2016-2017 ikasturteko matrikulazio epea irekita dela jakinarazteko eta herritarrak euskaltegietan izena eman dezaten animatzeko.
Errenteriako eta Pasaiako udal euskaltegiek eta AEKren lau euskaltegiek matrikulazio kanpaina bateratua egingo dute udalekin batera. Helburua, herritarrek euskara ikasteko edo dakitena hobetzeko euskaltegietan izena ematea da.
Agerraldian eskauldeko ordezkari politikoak izan dira: Garazi Lopez de Etxezarreta, Errenteriatik; Jesus Maria Martiarena, Lezotik, eta Ioritz Aizpuru, Oiartzundik. Haiekin batera, Oarsoaldeko AEKren zuzendari Borja Arbelaitz, Errenteriako Udal Euskaltegiko zuzendari Ane Amondarain eta Pasaiako Udal Euskaltegiko zuzendari Izaskun Sagastume.
ZATOZ! izeneko kanpainaren irudi koloretsua aurkeztu dute
Beren esanetan, positibotasunez jantzi nahi du eginkizun berri batean buru belarri murgiltzeko une kritiko hori; 1,2 eta 3 zenbaketaren bidez adierazi ohi dena.
Eskuek, enfasia emateaz gain (hitzik gabeko komunikazioaren gakoa), borondatea ere adierazten dute (zure esku dago), eta euskaltegietara etortzeko deiarekin "ZATOZ!" bat egiten duela adierazi dute.
Jakinarazi dutenez, irailaren 12tik 25era, gure lau herrietako kaleetan barrena aipatu leloarekin eta irudi koloretsuarekin apaindutako hiru gurpileko txirrinda edo txita ibiliko da informazio orriak banatzen. Oiartzunen 21ean, 22an eta 23an.
Eskualdeko sei euskaltegietan, nork bere asmo, helburu eta beharrei egokituriko eskaintza aurkituko duela nabarmendu dute euskaltegietako ordezkariek. Aipatu euskaltegiek, euskara ikasteko edota bakoitzak duen maila hobetzeko, eskaintza oso zabala dutela azaldu dute, bai mailei bai ordutegiei dagokienez ere.
Azkenik, lau udalek euskara ikasteko matrikula kostearen %80 eta %100 bitarteko diru-laguntzak ematen dituztela gogorarazi dute agerraldian eta horien inguruko informazio zehatza udaletxeko euskara zerbitzuetan edo euskaltegietan galdetzeko esan dute.
Beraz, irailaren 1etik 30era, hurbilen edota egokien iruditzen zaien euskaltegian izena ematera animatu dituzte eskualdeko herritarrak.
Oarsoaldeko euskaltegietan zure beharrei egokituriko ikastaroak aurkituko dituzu; euskaraz ez dakienak, izan bertako ala etorriberri, hutsetik hasita euskara ikasteko; euskaraz idazten eta irakurtzen moldatzen adina ikasteko; gure familietan ohiko hizkuntza euskara izan dadin laguntzeko; denda, taberna edo jatetxeko bezeroekin euskaraz aritzeko moduan ikasteko; hizkuntza eskakizunak nahiz EGA azterketa prestatzeko...
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika