Etxebizitza Bulegoa martxan dago atzotik

Etxebizitza hutsak alokairu duinera bideratzeko egitasmoa sustatuko da bertatik

Etxebizitza Bulegoa irekita dago atzotik, irailaren 15a (azken Udala Informatzen-en aurreratu bezala). Gaur, Jexux Leonet alkatea, Agurtzane Lekuona Gazteria zinegotzia, Fernando Nebreda Oarsoaldea Garapen Agentziako kudeatzailea eta Saioa Etxebeste teknikaria bulegoa aurkezteko elkartu dira.

Etxebizitza Plan Integralaren baitan, urratsetako bat da Etxebizitza Bulegoa. Zerbitzu integrala emango du, herritarrentzako erosoa izan dadin: informatu, gestio lana, laguntzak bideratu...

Etxebizitza Bulegoak aurretiko hitzorduarekin funtzionatuko du. Horregatik, lehenengo deitu egin beharko da horretarako prestatutako telefonora (astelehenetik ostiralera, 09:00-14:00, 943 49 41 29).

Alokairu duina Oiartzunen

Etxebizitza Bulegotik sustatuko du Udalak etxe hutsak alokairu duinera bideratzeko egitasmoa. Oiartzunen etxebizitzaren inguruan dagoen arazoari aurre egiteko alternatiba gisa, Alokabideren ASAP eta Bizigune programak herrian sustatzea erabaki du Udalak. Dagoeneko existitzen diren programak ezagutu eta haien egokitasuna aztertuta, haiek baliatzea erabaki da (batik bat ASAP programak piztu du Udalaren interesa). Horretarako, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu dute.

Etxe hutsen jabe direnek eta maizter izan nahi dutenek, biek jasoko dute aholkularitza Etxebizitza Bulegoan: programetan parte hartzeko baldintzak eta abantailak azalduko zaizkie bertan.

Udalak bere aldetik ere laguntza programa bat martxan jarri du etxejabeei erraztasunak eman asmoz, zaharkituta dauden etxebizitza hutsak konpondu eta alokairura bideratzeko.

Egitasmoak funtzionatzeko lehen urratsa, alokairura ateratzeko etxebizitzak egotea da. Horregatik, jabeak euren etxebizitzak alokairu duinera bideratzera animatu nahi ditu Udalak. Ustez, denei egingo dio mesede: etxe hutsen egoera hobetu, auzoak biziberritu, etxebizitza beharrean dauden herritarrei irtenbidea eskaini, eta etxejabeak ere onura ekonomikoa jasoko du.

INFORMAZIO PRAKTIKOA: 

Ordutegia: Zita eskatzeko, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara.

Helbidea: Mamut merkatalguneko bulegoak. Astigarragako bidea 2, 2. solairua.

Telefonoa: 943 49 41 29

E-maila: etxebizitza@oiartzun.org