Euskara ikasi eta hobetzera animatu dituzte herritarrak Udalak eta AEK-k

Udalaren beka sistemak matrikularen %70a arte hartzen du bere gain

Matrikulazio garai betean gauden honetan, euskara ikasi edo hobetzera animatu dituzte oiartzuarrak Udalaren eta AEK-ren izenean Ioritz Aizpuru Euskara zinegotziak eta Aitziber Arnaiz Euskara teknikariak, eta Intxixu AEK euskaltegiko Saioa Ballesteros zuzendariak. Arragua aukeratu dute aurkezpena egiteko, azkeneko kale erabileraren neurketaren arabera, euskara gutxien egiten den Oiartzungo auzoa.

Euskara ikasteko maila ezberdinak eskaintzen dira herrian bertan: batzuk euskaltegiko ohiko eskaintzaren baitan (urrats ezberdinak, EGA eta hizkuntza profilak ateratzeko klaseak) eta besteak Oarsoaldeako Euskara Sailarekin eta Udalarekin elkarlanean martxan jartzen diren egitasmoak (AISA programa etorriberrientzat; ostalari eta merkatariak bezeroekin euskaraz aritzeko oinarrizko ikastaroak...).

Udalak beka sistema martxan du euskara ikasteko laguntza eman asmoz. Baldintzak betetzen dituzten ikasleen kasuan, matrikularen %70 arte bere gain hartzen du Udalak. Ikasturte hasieran, matrikularen erdia ordaintzen da eta ikasturte bukaeran, gainerakoa. Helduen euskalduntzea sustatzeko hartutako neurria da.

Hilaren 30a arte dago izen-emateko epea irekita. Euskalduntzean urratsak eman nahi dituzten herritarrak Intxixu AEK-ra hurbildu eta informatzera animatu nahi ditugu, eta herritar euskaldunei, ingurukoak euskara ikasi eta hobetzera animatzera. Euskara ikasteko bekei buruzko informazioa ere jaso daiteke euskaltegian.

Etorriberrientzako, AISA

Oiartzunera etorriberri direnei deialdi berezia egin nahi diegu gaurkoan. Izan ere, AISA programako matrikulazio garaian gaude hilaren 30a arte.

AISA eskualde mailan garatzen den programa da. Gure kasuan, munduko edozein herritatik Oiartzunera etorri diren 16 urtez goitiko bizilagunentzako euskara eta euskal kulturara lehen hurbilpen ikastaroa da.

60 orduko ikastaroa da. Oiartzunen, Intxixu AEK izango da eskolak emango dituena, urriaren 3tik otsailaren 5era. Matrikula 5 € ordaindu beharko da, eta Udalaren diru-laguntzak jaso daitezke.

AISA programan parte hartzeko, izen-ematea Euskara zerbitzuan egin behar da.

INFORMAZIO PRAKTIKOA:

Euskara Saila:

Helbidea: Aialde kalea, 2. Fermiñene etxea (beheko solairua)

E-maila: euskara@oiartzun.org

Telefonoa: 943 49 38 42

Intxixu AEK:

Helbidea: Aialde kalea, 2. Fermiñene etxea

E-maila: oiartzun@aek.eus

Telefonoa: 943 49 39 57

Gehigarriak

Euskara ikasi eta hobetzera animatu dituzte herritarrak Udalak eta AEK-k