Euskaraz erosketa egiten dutenentzako deskontu-baleak Oiartzungo arropa-denda eta mertzerietan

Euskaraz dotoreago kanpainaren baitako ekintza da, eta irailaren 21etik urriaren 21a bitarte iraungo du

Oiartzungo 18 establezimendu ari dira parte hartzen kanpainan, arropa-dendak eta mertzeriak. Denda bakoitzak 10 €ko hiru bale izango ditu, eta horietako bakoitza egokitu zaion egun jakin batean banatuko du. Dagokion egunean, erosketa euskaraz egiten duen lehenengo bezeroari egingo diote deskontua. Bezeroak, berez, ez du ezer jakingo erositakoa ordaintzera joan arte. Naturalki euskara erabiltzeko ohitura duten bezeroak saritu nahi ditu ekimenak.

Urteroko moduan gremio bat hautatu eta gremio horretan euskararen erabilera indartzeko hainbat ekintza egiten ari gara Oarsoaldeko lau herrietan. Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eta lau herrietako Euskara zerbitzuek antolatzen dituzte elkarlanean kanpaina hauek. Oiartzunen Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak gauzatzen ditu Udalarekin duen hitzarmenaren bitartez.

Aurten, arropa-denda eta mertzerien gremioa ari gara lantzen. Maiatzean egin zen kanpainaren aurkezpena. Ekainean, oihalezko poltsak banatu zizkieten bezeroei, kanpainako leloarekin. Sektore horretan euskararen erabielra indartzea eta bezeroak euren bzitzako arlo guztietan euskara erabiltzera animatzea da helburua, besteak beste.

Eskualdean guztira 95 establezimendu ari dira parte hartzen ekimenean: Errenteriako 56, Lezoko 3ak, Pasaiako 18 eta Oiartzungo beste 18. 

Oiartzungoak ondokoak dira:

- Alcampoa (jantzien atala)

- Azkar kirolak (bi dendak)

- Baobab

- Begoña Zalakain

- Carrefour (jantzien atala)

- El Paso

- Intersport Extreme

- Kinkila

- Lurdes arropa-denda

- Mas por menos

- Oiartzun Running

- Oiartzun Zone

- Orratz

- Oskarbi

- Pukas Outlet

- Stock Factory

- Zumitz

Egizue eskualdeko arropa-denda eta mertzerietako erosketa euskaraz eta establezimendu horietan banatu dituzten 10 €ko 300 deskontuetako bat egokitzeko aukera izango duzue aipatutako epean. Euskarak beti baitu saria!