Makutsoko baratzeak Arraztalok eta Elika Kooperatibak landuko dituzte

Jarduera profesionalerako bi baratze martxan jartzeko lanak martxan daude

Lehenengo sektorea biziberritzeko Udalak -Behemendi eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin- martxan jarri duen Lurbizi egitasmoko lehenengo proiektuak Makutso agroaldean jarduera profesionalerako bi baratze martxan jartzea izan da. Eremuak esleitzeko Behemendik lehiaketa publikoa martxan jarri zuen uztailean eta hango emaitzen ondoren, Arraztalo Elkarteak eta Elika Kooperatibak landuko dituzte baratzeak. Gaur, Makutso eremuan elkartu dira Udaleko eta Behemendiko ordezkariekin batera.

Jexux Leonet Oiartzungo alkateak eta Eneritz Arbelaitz Ingurumen zinegotziak gogorarazi dute lehenengo sektorea biziberritzea dela Oiartzungo Udalaren lehentasunetako bat legegintzaldi honetan: LURBIZI izango da proiektu guztiei aterpea emango dion egitasmoa. Baratze profesionalak martxan jartzea horren barruan kokatzen da. Aurrerantzean, lehenengo sektorearekin loturako egitasmo gehiago martxan jartzea da Udalaren asmoa.

Behemendi ere Udalarekin elkarlanean murgildu da Lurbizin. Mikel Zendoia Behemendiko teknikariak helburuak azpimarratu ditu: "Nekazaritzan proiektu bat garatu nahi duenarentzako oztopo izaten da lursail egoki bat bilatzea, lurra behar baitu eta ez dago eskuragarri. 2013an Aldundiarekin Gipuzkoako Nekazaritzako Lurren Funtsaren dinamizazioan elkarlanean hasi ginen horregatik. Oiartzungo kasu honetan, Udalak ere bat egin du eta lehen aldiz jabetza pribatuko lursail bat nekazaritzatik bizi nahi duten bi proiektu ezberdinen eskutan jarri dugu, beharrezko gutxieneko egokitzapen batzuk egin ondoren".

Elika Kooperatiba eta Arraztalo Elkartea

Elika Kooperatiba eta Arraztalo Elkartea izango dira bi lur eremuak kudeatuko dituztenak. Guztira, Makutsoko eremua kudeatzeko lau eskaintza jaso dira. Hauen kalitatea eta egokitasuna baloratu ondoren, egokienak iruditu diren biak aukeratu ziren.

Elika Kooperatiba herritar batzuek sortu dute, elikadura burujabetzaren bidea jorratzeko. Kooperatibaren lurrak hiru nekazari gazte oiartzuarrek landuko dituzte: Joannes Añorgak, Jakobe Beramendik eta Joritz Mitxelenak. Beramendi eta, Jon Etxebeste eta Ibon Mitxelena sustatzaileak agerraldian izan dira gaur. Elika Kooperatibaren asmoa Oiartzungo nekazarien lana bultzatzea da, garaikoa era naturalean ekoitziz eta oiartzuarrei bertako barazkiak eskainiz kontsumitzaileekin tratu zuzen bidez. Herriko komertzio eta jantoki-zerbitzuak dituzten erakundeei (ikastetxeak, zaharren egoitza...) euren produktuak eskaintzeko asmoa ere badute.

Arraztalo Elkarteak, berriz, duela sei urte hasitako proiektuarekin jarraituko du lur eremu hauetan. Gaixo psikikoak gizarteratzeko, lehenengo sektorean lana eskaintzea da hartutako ildoa (gaur egun lau gaixo psikikori ematen diote lana). herrian Kontsumo Taldea osatu zuten 2010ean, baina eskaera handiak eremuak zabaltzeko beharra ekarri dio herriko gaixo psikikoen senideen elkarteari. Pedro Del Olmo lehendakaria eta Iñaki Artola hezitzailea izan dira agerraldian.

Bi egitasmoek ekoizpen ekologikoa sustatzen dute, garaian garaiko barazkiak ekoitziz (Arraztalok ENEEk zigilua lortu du eta Elika Kooperatibak asmo hori du).

Behemendi eremua prestatzen ari da 

Behemendi eremua baratzegintzarako egokitzeko lanak gauzatzen ari da udatik hona. Dagoeneko urte-hartuneak prestatuak daude; baratze sailetarako sarrera egokitu da; lurraren analisiak egin dira eta erabilera gomendio batzuk ere proposatu dira; materialarentzako kaxotak jarri dira eta lurra goldatu da.

Bi aste barru, esleipendunak euren ekoizpenetan lanean hasi ahal izango dira.

Gehigarriak

Makutsoko baratzeak Arraztalok eta Elika Kooperatibak landuko dituzte

Estekak