Irizpide orokorra mantenduko da, nahiz eta igoera batzuk eta hobari berriak badauden
Iraileko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. EH Bilduko eta EAJko 13 zinegotziek parte hartu zuten saioan.
2017ko udal Zerga Ordenantza onartu zen behin-behinean, EH Bilduren aldeko botoekin (EAJko lau zinegotziak abstenitu egin ziren). Jendaurrean egongo da hilabete batez, erreklamazioak egiteko aukerarekin.
Orokorrean, zergak eta tasak dauden bezala mantenduko dira 2017an. Hala ere, zenbait aldaketa izango dira: kontribuzioarena izango da nabarmenena. Gipuzkoako Foru Aldundiak balio katastrala berrikusi du eta Jexux Leonet alkateak azaldu zuenez, "Oiartzunen balorea asko igo da". Udalak, "herritarrei ahalik eta gutxien eragiteko neurriak" hartu ditu kontribuzioaren tasaren egokitzapenean, eta hurrengo urtean 2016an jaso duen kopuru bera jasoko du Udalak kontribuziotik.
Lurraren balorearengatik kobratzen den gainkarga ere berrikusi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Udalak, ondorioz, %1 igoko du jabetza aldaketetan aplikatzen den zerga hau. "Eskualdeko beste herrietan baino baxuagoa da Oiartzungo zerga" azaldu zuen Leonetek.
Uraren tasan %1eko igoera izango da datorren urtean (nahiz eta Añarbeko Urak-ek %4ren bueltan igoko duen). Tasa honetan, orain arte bi kontzeptu kobratu izan ditu Udalak: etxebizitzena eta industriarena. Herriko ostalarien erreklamazio bati erantzuten, erdibideko kontzeptu bat sortuko da 2017rako, ostalaritzarako.
Hobari berriak ere izango dira datorren urtean: Familia Ugarien Elkarteak eskatuta, eta Foru Lege batek baimenduta, familia ugariek ibilgailuen zergan hobaria izango dute datorren urtetik aurrera. Familia ugarien kasuan, etxebizitzaren kontribuzioa ordaintzeko epean hobaria jasotzeko bigarren baldintza gehituko da: familiaren diru-sarrerak 70.000 € baino gehiago ez izatea.
Hondakinen Batzordearen lehenen saioa, urrian
Gainerako puntuetan, erabateko adostasuna izan zen. Hiesaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, mozio bat onartu zen.
Batzar bukaeran Jexux Leonet alkateak aurreraru zuen Hondakinen Batzordearen lehenengo deialdia urrian egin nahi dela, "bitartean datuak jasotzen ari gara, batzordea edukiz betetzeko".
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika