Eskualdeko ikasleen erdiak baino gehiago egiten du Eskola Kirola

Oiartzunen, 25 talde daude

2016-2017 ikasturteko Eskola Kirolaren datu esanguratsuak ezagutzera eman dituzte oarsoaldeko zinegotziek gaur Lezon eta, bide batez, Eskola Kirolaren inguruan egindako bideoa aurkeztu dute.

Oarsoaldean guztia 134 talde daude: 25 Oiartzunen, 78 Errenterian, 9 Lezon eta 22 Pasaian. Talde hauen entrenamenduak gidatzeaz 85 entrenatzaile arduratzen dira, 19 emakumezko eta 66 gizonezko.

Jexux Leonetek adierazi duenez, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakaria eta Oiartzungo alkatea, Eskola Kirola jarduera osoa %100ean euskaraz egiten da gaur egun eta filosofia nagusia kirol aniztasuna da, kirol bat baino gehiago ezagutu eta lantzeko aukera izaten baitute neska-mutilek bertan. Horretaz gain, elkarrekiko errespetua, elkartasuna eta kirol legez jokatzen ikasteko balioak lantzen dituzte.

Bestalde, nesken praktika fisikoa sustatuz eta kirol munduan nesken lekua aldarrikatuz neska eta mutilen arteko berdintasuna bultzatzen du proiektu honek. Poliki bada ere, nesken parte-hartzea gorantz doa urtez urte. Eskola Kirolean nesken %32,80k hartzen du parte eta mutilen %67,29k.

Azkenik, Oarsoaldeko Eskola Kirolaren egitura profesionalizatzeko ikastetxeek eta Udalek egin duten esfortzua nabarmendu dute eskualdeko udal arduradunek.

Gurasoentzako deia

Datu esanguratsuenak aipatzeaz gain, gurasoentzako bi mezu bidali dituzte Oarsoaldeko zinegotziek. Batetik, Eskola Kirolean aipatutako baloreak lantzen diren heinean, orain arte bezala jokaera eredugarria erakusten jarraitzera animatu dituzte gurasoak eta haurrak bai kantxan, baita harmailetan ere. Bestetik, auto partikularra alde batera utzi eta partidatara joateko bestelako garraio modu batzuk erabiltzen ahalegindu daitezen eskatu diete.

Agerraldiari bukaera emateko, Eskola Kirola oro har sustatzeko eta bereziki Oarsaoldeko Eskola Kirolaren eredua baliosteko egin den bideoa ezagutzen eman dute:

Gehigarriak

Eskualdeko ikasleen erdiak baino gehiago egiten du Eskola Kirola