Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean, konpromisoak berretsi dituzte Oarsoaldeko udalek

Azaroaren 25aren harira herrietan antolatutako ekimenetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak lau udalek

1960ko azaroaren 25ean erail zituen Mirabal ahizpak Dominikar Errepublikako Leonidas Trujillo diktadoreak. Gertakari hori gogoan, azaroaren 25a Emakuneen kontrako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da 1999az geroztik. Eguna hurbiltzen ari den honetan, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalok batu egin gara, gure herrietan ere emakumeentzako biolentziarik gabeko espazioak eta bizitzak nahi ditugula aldarrikatzeko. Gizon-emakumeen arteko parekidetasun erreala izango duen gizartea lortzeko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu gaur ere.

Eskualdeko udalok zenbait konpromiso gure eginak ditugu indarkeria matxistaren kontra: gure eskumenen arloan politika aktibo, oso eta koordinatuak garatzea berdintasunaren eta tratu onaren alde; erakundeen arteko koordinazio mahaiak eta protokoloak sortzea; indarkeria matxista jasan duten emakumeei zerbitzua ematea eskatzen dutenean eta emakumeen ahalduntzean oinarrituta etabar.

Autolaguntza tailerra, martxan

Bide horretan hartutako konpromisoetako bat da eskualde mailako autolaguntza tailerra. Aurten ere martxan dago biolentzia matxista jasan duten edo jasaten duten emakumeentzako laguntza programa. Asteazkenero, Errenteriako Merkatuzarren (17:30-19:30) norberak bere errealitate eta indarraren arabera, erabakiak hartzen ahalduntzeko saioak izaten dira. Autolaguntza tailerrera joateko haurtzaindegi zerbitzua behar duten emakumeei laguntza hori ere eskaintzen diegu udalok.

Indarkeria matxista jasaten duten emakumeei babesa eskaintzea oso garrantzitsua da. Baina hori bezain garrantzitsua da prebentzioa lantzea. Horregatik, gure eskualdeko gazteenekin tratu ona lantzeko ekintzak ere antolatu ditugu.

Bide batez, gaur hemen bildu garen udal ordezkariok eskualdeko mugimendu feministak gure herrietan antolatu dituen ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak.

OIARTZUNGO EGITARAUA:

Azaroak 20, igandea: Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko argazki masiboa (Hipatiaren lorategian, 18:00) eta Valium bada antzezlana (udaletxeko areto nagusian, 19:30).

Azaroaren 21etik 27ra: Ikasleen lanen erakusketa (udaletxeko areto nagusian).

Azaroak 23, asteazkena: Indakeria matxista sare sozialen bitartez hitzaldia, 15 urtetik gorako gazteentzat (Manuel Lekuona bibliotekan, 17:30).

Azaroak 25, ostirala: Zineforuma: La teta asustada (udaletxeko areto nagusian, 17:00) eta elkarretaratzea (Doneztebe plazan, 19:30).

Gehigarriak

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean, konpromisoak berretsi dituzte Oarsoaldeko udalek