Euskararen paparazziak argazki lehiaketan parte hartzeko epea urtarrilaren 13ra arte luzatu da

400 eta 200 €ko sariak eskuratuko dituzte eskualdea, komertzioa eta euskara hobekien uztartzen dituzten argazkiek

Euskararen paparazziak argazki lehiaketan parte hartzeko epea luzatu egin da urtarrilaren 13a arte. Dagoeneko iritsi dira argazki mordo bat eskualde osokoak, baina oraindik urtarrilera arte parte hartzeko aukera dago. Euskara eta merkataritza-ostalaritza uztartzen dituen argazkiak bidali behar dira. Edonork parte har dezake argazki lehiaketan. 400 €ko saria izango du irabazleak eskualdean gastatzeko, eta 200 €koa bigarrenak. Euskara sustatzeaz gain eskualdeko merkataritza eta ostalaritza indartzeko helburua ere badu lehiaketak.

Oarsoaldeko lau udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez antolatu dute lehiaketa. Argazkiak ondoko telefono zenbakira bidali behar dira whatsapp bidez: 608 170 384 edo e-mailez euskararenpaparazziak@gmail.com helbidera. Aipatutako gaiak hobekien uztartzen dituen argazkiak 400 €ko saria irabaziko du eta bigarrenak 200 €koa. Parte-hartzaile bakoitzak nahi adina argazki bidali ahal izango ditu lehiaketara. Informazio gehiago nahi duenak www.oarsoarrak.eus helbidea ditu oinarriak.

Oiartzunen Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak gauzatzen du merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera indartzeko egitasmoa Udalarekin duen hitzarmenaren bitartez. Ttur-Tturretik eta Udaletik argazkizaleei, eta herritarrei oro har dei egin nahi diegu lehiaketan parte hartzeko. Eta, era berean, komertzioetako arduradunak ere animatu nahi ditugu, euren errotulu, idatzi eta oharrak euskaraz jartzeko parte-hartzaileek bereziki erreparatuko baitiete establezimenduetako euskarazko errotulu, ohar eta idatziei. Irabazleek diru sariak Oarsoaldeko establezimenduetan erabili beharko dituztenez, horrek ere eskualdeko merkataritza eta ostalaritzari laguntza emango dio euskara laguntzeaz batera.

Gehigarriak

Euskararen paparazziak argazki lehiaketan parte hartzeko epea urtarrilaren 13ra arte luzatu da