Herria berritzen jarraitzeko ildoarekin segituko da lanean
2017 urteko aurrekontuak onartu dira urteko azkeneko udalbatzarrean, ahobatez. EAJk ere bat egin du Gobernu Taldeak aurkeztu eta auzo batzarretan, eragileekin eta oposizioarekin izandako harremanetan jasotako ekarpenekin osatu dituen aurrekontuekin.
16.500.000 € pasatxoko aurrekontua izango du Oiartzunek datorren urtean. 2016ko inbertsio planaren jarraipena egitea da planteamendu orokorra, Oiartzun berritzen jarraitzeko. “Aurrekontu orekatuak dira”, adirazi du Jexux Leonet alkateak, “inbertsioetarako ere aukera uzten digutenak”.
Herrirako eta auzoetarako proiektu nagusiak
Datorren urteko aurrekontuetan jasotako proiekturik garrantzitsuenak aipatu ditu alkateak: udal eraikinen mantenua eta proiektuak idaztea (Arizmendi, Urkabe Baita, Egiaenea); Lintzirin biziberritzeko faseekin jarraitzea; auzoetan jasotako eskaerak gauzatzea (Karrikako sarrera, Legarrea, Manuel Lekuona etorbidea eta Ganboxa, esaterako); herribideak konpontzea; egitasmoak hauspotu eta sendotzea (Larre Plana, Lurbizi eta Etxebizitza plana mantenduko dira); argiteria berritzea; Madalensoro berritzea (Aldundiari diru-laguntza eskatuko zaio)…
Udalaren esku ez dauden zenbait egitasmo gauzatzeko dirua ere aurreikusi da aurrekontuetan: Matteoko bidegurutzea eta Ibarre, esaterako. “Aldundiaren eskumena dira eta beraiek markatzen dute erritmoa, baina Udala prest dago ekarpen ekonomikoa egiteko”.
Udalak zor bizia kitatzen ere jarraituko du. “Ez dugu aurreikusten mailegu berririk eskatzea eta 2017a 2 milioi €ko zorraren azpitik bukatzea espero dugu”.
Aurrekontu parte-hartzaileak
Leonet alkateak azaldu duenez, “urrian” hasi zen aurrekontuen lanketa. “Aurrekontu parte-hartzaileak dira, nahi duen guztiak ekarpenak egiteko aukera izan baitu”.
EAJk “baiezko kritikoa” eman duela esan du Rafael Bergaretxe bozeramaileak, “zalantzak ditugulako zerga eta tasen ordenantza erabat erreala ote den, batez ere ura hain gutxi igota eta hondakinen kudeaketan erraustegia egiteko eta finantzatzeko dauden proposamenengatik”. Hala ere, “EH Bilduri eskerrak eman nahi dizkiogu gure ekarpenak egiteko aukera emateagatik eta entzuteagatik”.
Beramendiren epaiketan deklaratu duten langileei, babesa
Lanbarrenen kamioientzako alokairuzko aparkalekuak egin ahal izateko Añaraburu kaleko bi eremuren desafekzioa behin betikoa da gaurtik.
Udal langileei %1eko soldata igoera egitea ere onartu da ahobatez. 2010az geroztik, Madrilgo gobernuaren dekretuarengatik, ez zen soldata igoerarik izan udaletxean. Gai honen inguruan, Leonetek “langileen eta udal arduradunen arteko harremanak normalizatzeko bi aldeetatik egin den esfortzua” aipatu du. “Langileek ahobatez onartu dute akordioa eta hori pozgarria da guretzat”.
Abenduko protokolo gastua 159,26 € izan da, luntx eta otordutan. Bukaeran, udal idazkariak joan den astean Martin Beramendiren kontrako epaiketan, ustez dokumentu ofizialen zaintzan egindako lege-hausteengatik, deklaratu behar izan zuten udal langileek izenean, “gogorra” izan zela aktan jasotzeko eskatu du: “Guk gure lana egin genuen, egin egin behar genuelako”. Leonet alkateak “babesa” adierazi die deklaratzera joan behar izan zuten hiru langileei.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika