Martxoaren 19an erabakitzeko eskubidea gauzatzearen alde agertu da Udala

"Erraustegia finantzatzeko" tarifa igoerari auzi-errekurtsoa jarriko dio

Euskal herritarron erabakitzeko eskubidea gauzatzearen alde agertu da Oiartzungo Udala, ahobatez. Honela, besteak beste, martxoaren 19an Oiartzunen ere Gure Esku Dagok antolatutako ekimenarekin bat egin dute EH Bilduk eta EAJk.

Udalbatzarrak adierazpena onartu ondoren, Rafael Bergaretxek EAJren izenean adierazpen bat irakurri zuen: "1979an Gernikako Estatutua onartu zuten herritar gehienek, nahiz eta ETAk eta betikoek ez zuten errespetatu, eta oraindik eskumen batzuk ez ditugun jaso. Espero dugu berriz ez pasatzea herritarrek onartutakoa gutxietsi eta oztopatzea". Jexux Leonet alkateak "harridura" agertu zuen adierazpenaren aurrean, "luze hitz egin daiteke atzera begira, baina mozio honetan protagonismoa herritarrek eta Gure Esku Dagok dute".

Aitzol Perez de San Roman Oiartzungo Gure Esku Dagoko kideak bi taldeetako zinegotziei eskerrak eman zizkien adierazpena babesteagatik.

Berdintasunaren aldeko politikak babestearen aldeko mozioan, EAJren abstentzioa

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira landutako mozioaren inguruan, aurten EAJ abstenitu egin da.

EH Bilduko Gobernu Taldeak onartutako mozioak, batez ere, erakundeek berdintasun politiketan eragiten duten arloetan murrizketarik ez egiteko eta, kontrara, berdintasuna bermatzeko politikak indartzeko eskatzen zuen. Bergaretxek esan zuenez, "mozioak EAJk Eusko Jaurlaritzan egiten duen politika kritikatzen duela" ulertu zuten, "eta horregatik abstenitu" ziren.

Leonet alkateak argi adierazi zion "erakunde guztiei" eragiten ziola mozioko aipamenak, "baita udaloi ere. Gure buruari ere jartzen dizkiogun helburuak dira".

Erraustegia finantzatzeko tarifen kontra Gobernu Taldea; alde EAJ

Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak hondakinen tratamentuko tarifetan egin duen igoerari auzi-errekurtsoa jartzea onartu zuen Oiartzungo Udalak, atzo, EH Bilduren aldeko botoekin. EAJk kontra bozkatu zuen. Yon Goikoetxea jeltzaleak adierazi zuenez, "uste dugu tarifa igoera azpiegitura berriak egiteko dela, eta gu horien alde gaude", Donostiako erraustegiari aipamen zuzena eginez.

Eneritz Arbelaitz alkateordeak ere baieztatu zuen EH Bilduren ustez "erraustegia finantzatzeko" izan dela igoera. "Europako zuzentarauaren printzipioak hondakinen murrizketa eta birziklapena dira, eta politika hori zigortu nahi dute tarifa hauekin. Oiartzuarrok gauzak ongi egiteko egiten dugun ahalegina errespetatu behar lukete".

Gipuzkoako parte-hartze espazioan sartu da Oiartzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarren parte-hartzea sustatzeko sortu duen espaziora batu zen atzo Oiartzun. Leonetek adierazi zuenez, "dekretuak gabezia batzuk dituela uste dugu, partida aldetik batez ere, baina herritarren parte-hartzea bultzatzeko helburua dugunez, barrutik hobetzen saiatuko gara".

OKISArentzako eta herriko kirol elkarteentzako laguntzak ere onartu ziren, ahobatez.

Otsaileko protokolo gastuen berri ere eman zen: 162,68 € izan dira bidaia, harpidetza eta bidalketetan.

Gehigarriak

Martxoaren 19an erabakitzeko eskubidea gauzatzearen alde agertu da Udala