Datorrena Kirol Astea izango da

Periko Sanroma Haurtzaro Atletismo Taldeko kideak jasoko du Kirol Saria

Kirol Astea izango da hilaren 27tik 31 arte. Egunero, kirol modalitate bat edo kirolarekin zerikusia duen gai bat landuko da.

Mendi lasterketak, surfa, kirol kazetaritza eta mendi dokumentalak izango dira hizpide, besteak beste. Beren arloetan oso ezagunak diren kirolari eta kazetariak gurean ezagutzeko aukera izango dugu: Oihana Kortazar, Aitor Francesena, Xabier Erro, Mikel Ibargoien... 

Horiez gain, 2016an nabarmendu diren herriko kirolariak ere mahaiaren bueltan eseriko dira.

Kirol Saria, Haurtzaro Atletismo Taldeko Periko Sanromarentzat

Kirol Saria ere emango da, bigarren urtez segidan: Periko Sanroma, Haurtzaro Atletismo Taldeko sortzaile eta entrenatzaileak jasoko du. Herritarrek proposamenak egin ondoren, Udalak eta herriko kirol elkarteek osatzen duten Kirol Aholku Kontseiluak erabaki du nori eman.

1984an Haurtzaro Atletismo Taldea sortu zutenetik -Bixente Artola, Alvaro Agirre eta hirurek-, urte hauetan guztietan herrian atletismoa sustatzeko egindako lan bolondresa errekonozituko zaio. Gaur egun, oraindik ere egunero haurrak entrenatzen ditu Sanromak. 

EGITARAUA:

Martxoak 27, astelehena: Oihana Kortazar mendi korrikalaria. Aurkezlea: Gorka Herce -Intxixu Trail- (udaletxean, 19:00).

Martxoak 28, asteartea: Aitor Francesena: Surfa, bizimodu bat. Aurkezlea: Julen Egiguren (udaletxean, 19:00).

Martxoak 29, asteazkena: Emakumeak kirol kazetaritzan mahai-ingurua. Dinamizatzailea: Goiatz Labandibar (Manuel Lekuona bibliotekan, 19:00).

Martxoak 30, osteguna: Mendi dokumentalen eboluzioa azken 35 urteetan, Xabier Errorekin. Aurkezlea: Girizia Mendi Taldea (udaletxean, 19:00).

Martxoak 31, ostirala: Kirol Saria banatzeko ekitaldia eta Oiartzungo kirolariekin mahai-ingurua (Guruzne Azpiroz -arrauna-, Julen Egiguren -surfa-, Ekhiñe Rivas -txirrindularitza-, Periko Sanroma -atletismoa- eta Andoni Ugalde -pilota). Dinamizatzailea: Mirari Martiarena.

Gehigarriak

Datorrena Kirol Astea izango da