Udaleku irekietan izen-emateko epea hasiko da astelehenean

HH eta LHko haurrentzako eskaintza da

Udaleku irekietan izena emateko epea hasiko da datorren astelehenean, hilak 27. Apirilaren 7a izango da haurrak apuntatzeko azkeneko eguna (ez da onartuko epez panpo aurkezten den eskaerarik). Izen-ematea Mendiburu kaleko 5. zenbakiko bulegoan egin beharko da (lehen Atez ateko Informazio Bulegoa zena), astelehenetik ostiralera 08:30etik 11:30era edo 16:30etik 19:30era.

Udaleku irekiak uztailean izango dira, bi txandatan banatua: uztailaren 3tik 14ra lehenengoa eta 17tik 28ra bigarrena. Haurrek txanda bakarrean edo bietan parte hartzeko aukera izango dute.

Kuotak

Hamabostaldi bakarreko kuota 36 € izango da. Autobus zerbitzuarekin, 49 €. Familia bereko hiru haurrek izena ematen badute, %25eko deskontua izango du bakoitzak: 27,25 € bakoitzaren hamabostaldia, 37 € autobus zerbitzuarekin.

Hilabete osoko kuota, berriz, 72 € izango da, 98 € autobus zerbitzuarekin. Familia bereko hiru haurrek izena ematen badute, %25eko deskontua izango dute: 54,50 € bakoitzaren hilabeteko kuota eta 74 € autobus zerbitzuarekin.

Izen-emateko baldintzak

Oiartzungo udaleku irekietan HH 1. mailatik LH 6. maila arteko haurrek partu dezakete. Oiartzuarrak -bertan erroldatuak- edota Oiartzungo ikastetxeren bateko (Elizalde Herri Eskola edo Haurtzaro Ikastola) ikasle behar dute izan.

Izena emateko orduan, gizarte segurantza txartelaren kopia, izen-emate orria eta ordainagiria aurkeztu beharko dira.

Ordainketak Euskadiko Kutxako ES66-3035 0126 64 1260048216 kontu korrontean egin beharko dira.

Baldintzak

Udaleku irekien filosofia eta oinarriak euskara, herrigintza, parte-hartzea, hezkidetza, elkartasuna eta sormena dira.

Udalekuen aurretik bi bilera egingo dira. Bat haurrekin, udalekuetarako dituzten nahiak jasotzeko (maiatzaren 19an, Elorsoro kiroldegiko bilera gelan) eta bestea gurasoekin, udalekuen inguruko informazio praktikoa eman eta zalantzak argitzeko (ekainaren 15ean, pleno aretoan).

Informazio gehiago: abaraxka.oiartzun@gmail.com edo 685 323 040 telefonoan.

Gehigarriak

Udaleku irekietan izen-emateko epea hasiko da astelehenean