Arizmendi-enea kultur ondasun izendatzeko eskatu du Udalak

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren tarifen kontrako errekurtsoa batu du Udalak

Atso, ahobatez, Oiartzungo udalbatzarrak Arizmendi-enea etxea eta lorategia kultur ondasun izendatzeko eskatu zuen.

Urdiñolane edo Arizmendi-enea etxeak lorategia duten palazioen artean, baserri urbano tipologia du; Elizalde auzoaren erdian dago eta lorategian balio handiko zuhaitzak ditu; XVIII. mendean eraiki zen eta barruan jatorrizko altzariak ditu. Udalak, Arizmendi familiarekin egindako hitzarmen bati esker, 2013an eremuaren jabetza osoa eskuratu zuen.

Hondakinen Partzuergoaren tarifen kontra, errekurtso bakarra

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren 2017ko tarifen kontra akzio judiziala martxan jartzea erabaki zuen iazko abenduan Udalak. Errekurtsoen arrazonamendua bera delako, 2016ko tarifen kontrako (2015ean hartutako erabakia) errekurtsoan atzera egin eta aurtengoarekin jarraitzea onartu zen, ahobatez.

Eneritz Arbelaitz alkateordeak azaldu zuenez, "2016ko eta 2017ko tarifetan arrazoi berak izan ditugu errekurritzeko. Aukera dugu 2017ko auzian argudioa hobeto osatzeko, indar gehiagoarekin heltzeko".

Altsasuko gazteei elkartasuna

Era berean, iazko urrian ustezko terrorismo delitu batengatik auzipetu zituzten Altsasuko gazteen auziko prozesua Irulean egitea eta ez Espainiako Audientzia Nazionalean eskatu zuen Udalak, Nafarroako Legebiltzarrak, juristek eta Altsasuko Udalak aurrez egin duten gisa berean. Oiartzungo Udalak elkartasuna adierazi die auzi honetan daudenei eta Altsasurekin elkartasuna plataformari atxikimendua emango dio. Ahobatez hartu zen erabakia.

Martxoko protokolo gastua 384,15 € izan dira otordu eta bidaitan.

 

Gehigarriak

Arizmendi-enea kultur ondasun izendatzeko eskatu du Udalak