Saharako Astea aurkeztu dute El-Watanek eta Udalak

Tindufeko errefuxiatu guneetako egoera izango da hizpide

El-Watanek antolatuta, Sahararen Astea da hau. Elkarteko ordezkariek (Estitxu Juanes, Olga Leibar eta Fatimetu Salec) eta Josune Cousillas Kultura zinegotziak elkarrekin aurkeztu dute egitaraua.

El-Watan elkartea Saharako errefuxiatuen aldeko taldea da. Aste honetan ere Saharako kultura eta egoera Oiartzunera ekartzeko egin duten ahalegina eskertu nahi du Udalak.Era beran, El-Watan eragile aktiboa da herrian antolatzen diren ekitaldietan eta jarrera hori ere eskertu nahi du Udalak.

Oiartzuarrei, berriz, errefuxiatu sahararrek bizi duten errealitatea ezagutzeko aukera hau ez galtzeko proposatu nahi diegu.

Kultura eta elkartasuna

Atzo, astelehenea, hasi zen Sahararen Astea Elizalde Herri Eskolan eta Haurtzaro Ikastolan egindako antzerki-saioetan. Pasa den abenduan Auserdeko kanpamentuetako eskoletan izan ziren El-Watan eta Trotamundos antzerki-taldea. Atzo, han bizitutakoa azaldu zieten herriko haurrei.

Ostirala arte, Jose Luis Irigoienen argazki-erakusketa dago ikusgai udaletxeko areto nagusian. Tindufeko errefuxiatu guneetan ateratako argazkiak dira guztiak, emakume sahararrak protagonista dituztenak.

Ostiralean izango dira gainerako ekintzak. Batetik, Jose Luis Paulin medikuak Kooperazioa: egiak, gezurrak eta utopia baten bizipenak? liburua aurkeztuko du (udaletxean, 19:00etan). Paulinek, besteak beste, Tindufeko errefuxiatu guneetan lan egin du kooperante gisa.

Ondoren, afari sahararra izango da Ergoiengo Auzokalte Elkartean: entsalada, kuxkuxa eta izozkia. Txartelak salgai daude Garmendi txokolategian (12 € helduak eta 10 € umeak).

Ur-bidoiak lortzeko kanpaina

Honez gain, El-Watanek orain hasi eta urria bitartean 600 ur-bidoi biltzeko kanpaina martxan du. Herriko tabernetan eltzeitsuak jarriko dituzte gaurtik aurrera eta Euskadiko Kutxako 3035 0126 64 1260141649 kontu korrontea ireki dute, borondatea jasotzeko.

Bost urte daramatza El-Watanek ur-edangarriarentzako bidoiak erosi eta Tichlan (Oiartzunekin senidetutako herria) banatzeko kanpainarekin. Dagoeneko 400 familiari banatu diote 1000 litroko bidoi bana, baina "beharrak handiak" dira, "zinkezko bidoiak zahartuak eta hondatuak daudelako".

Azkenik, ekaina bukaeran zortzi haur etorriko dira uda gurean pasatzera, Oporrak bakean kanpainaren barruan.

Gehigarriak

Saharako Astea aurkeztu dute El-Watanek eta Udalak