Herritarrek administrazioarekiko duten harreman oro euskaraz izateko aukera eduki behar lukete, eta bide horretan pauso bat da errenta aitorpena ere euskaraz egitea. Aurten ere Udala eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunea kanpaina egiten ari gara, UEMArekin batera, herritarrek errenta aitorpena euskaraz egin dezaten. Iaz, errenta aitorpena egin zuten oiartzuarren %36,6 izan ziren euskaraz egiten zutenak.
Urtez urteko datuak begiratuta errenta aitorpena euskaraz egiten duten oiartzuarren kopurua egora egiten ari da. Hala, 2004ko aitorpeneko datua begiratuz gero, %6,2 ziren aitorpena euskaraz egin zuten oiartzuarrak. Eta 2015eko aitorpenetan, aldiz, %36,6 izan ziren. Aitorpengile kopuruari begiratuz gero, kopurua gutxi igo da, baina euskaraz egiten dutenen kopuruak proportzio handiagoan egin du gora.
Kopurua gora egiten ari den arren, oraindik ere herritar asko dira diru-kontuak gaztelaniaz egiten dituztenak eta herritar horiei bereziki dei egiten diegu pausoa eman dezaten.
Bestetik, errenta egiteko modalitateari dagokionez, geroz eta gehiago dira etxean autolikidazio proposamena jasotzen dutenak. Horregatik, bereziki nabarmendu nahi dugu, autolikidazioa euskaraz jasotzea eska dezakela herritarrak inolako arazorik gabe.
Urteroko moduan zenbait euskarri erabili ditugu kanpainarako. Herriko finantza erakundeek eta aholkularitzak babesa eman diote aurten ere kanpainari, eta honenbestez, euren bulegoetan jarrita izango dituzte kartelak kanpainak irauten duen bitartean. Udalak eta Ttur-Ttturrek eskerrak eman nahi dizkiete Laboral Kutxa, Kutxabank, Nafarroako Rural Kutxa, Sabadell Guipuzcoano, La Caixa, BBVA, Lurgintza nekazarien kooperatiba eta Zubillaga aholkularitzari emandaklo babesagatik.
Errentaren kanpaina ekainaren 26ra arte luzatuko da Gipuzkoan. Honenbestez, oraindik aitorpena euskaraz egiten ez duten herritarrak animatu nahi ditugu pauso hori ematera.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika